
San Isidro giroan murgilduta, amonen bisita jaso genuen Santa Teresan
Atzo, San Isidroko PROIaren baitan, bisita oso berezia izan genuen Santa Teresa gunean: gure ikasleen amona diren Arantza Akizu eta Miren Gorostiza etorri ziren, eta beraien txikitako jolasak erakutsi zizkiguten.
Asteak daramatzagu San Isidroko jaiei lotutako jarduerak lantzen, eta atzokoa benetan hunkigarria eta aberasgarria izan zen guztiontzat. Gure haurrek aukera izan zuten aspaldiko jolas tradizionalak ezagutzeko eta probatzeko, eta aitona-amonek, berriz, haurtzaroko oroitzapenak gogora ekarri eta gurekin partekatzeko.
Eta hau guztia ez da hemen amaitzen! Maiatzaren 14an, San Isidro egunaren bezperan, jolas festa erraldoia antolatuko dugu Santa Teresan. Oraingoan, auzoko erretiratuei eskainiko diegu eguna, eta haiek izango dira protagonistak. Gure haurrek prestatutako jolasak eta dinamika ezberdinak izango dituzte gozagarri, eta giro alaian, denok elkarrekin parte hartuko dugu.
Mila esker Arantza eta Miren, zuen bisitarengatik!