Arizmendi gara
Gure historia
Leintz bailarako hezkuntza euskaldunaren lehen harria
Arizmendi Ikastola 2003an sortutako hezkuntza-kooperatiba euskalduna da, baina bere sustraiak 1967an daude. Urte horretan, Arrasaten Leintz bailarako hezkuntza euskaldunaren bailarako lehen ikastola sortu baitzen, San Frantzisko Xabier Ikastola, hain zuzen ere. Handik gutxira, sortuko ziren bailarako beste ikastolak, Loramendi Ikastola Aretxabaletan (1968) eta Jose Arana Ikastola Eskoriatzan (1970).
1970Hezkuntza euskaldunaren hedapena
San Frantzisko Xabier, Loramendi eta Jose Arana Ikastolen eraginez, Leintz bailarako ikastetxeen eskaintza aldatzen hasi zen: Almen ikastetxeak ikastola bihurtzeko pausoak eman zituen (1972-73), eta baita Ume-Zaintza haurtzaindegiak ere (1980-81) eta San Viator ikastetxeak ere bai (1981). Eskualdean zeuden ikastolen arteko elkarlana errazteko, Hezibide Elkartea eratu zen (1971) eta hortik eskola-ekintza ugari koordinatu ziren.
Nekez uler daiteke ARIZMENDI ikastolaren sorrera, Hezibide Elkartea eta bere lana aipatu gabe. Ekarpen handienetakoa 1981-82an egin zen, goian aipatutako guztiak kooperatiba integral bihurtu zirenean.
Hala zion Jose Mari Arizmendiarrietak, kooperatiba-mugimenduaren aitzindariak, “ezer esateko duten guztien ekarpena kontuan hartzea, konplizitatea bilatuz”. Eta hala, ikastola bakoitzak hiru bazkide-motako kooperatibaren jantzia hartu zuen, kooperatiba integralarena, alegia; gurasoak, profesionalak eta laguntzaileak barnean bilduz.
1999az geroztik Hezibide Elkartean biltzen ziren ikastolek (Almen, San Frantzisko Xabier, San Viator eta Umezaintza) Leintz bailaran unibertsitate aurreko hezkuntza-eskaerei erantzun euskaldun, kooperatibo eta bateratua emateko asmoz, Arizmendi Ikastola martxan jartzea erabaki zuten, eta horretarako, bigarren mailako kooperatibaren formula hartu zuten
2003Konfiantzaren Pedagogia oinarri
Ariketa konplexua izan zen ikastola haien guztien bateratzea. Etapa asko, ikastola asko eta lanerako kultura desberdinak.
Bateratze pedagogikoan urrats garrantzitsua eman zen 2009an Haur Hezkuntzako gune guztiak haurra ulertzeko eta haurrarekin esku hartzeko modu berria zekarren planteamendu pedagogiko eta arkitektoniko berri batekin jarduten hasi zirenean.
Haur Hezkuntzako planteamendu berri haren oinarrian zegoen pertsonaren eta hezitzailearen esku hartzeari buruzko ikuspegia gainerako etapetara ekarri ahal izateko marko pedagogikoa eraiki genuen ondoren.
2015Konfiantzaren Pedagogia: Arizmendi Ikastolaren markoaren kaleratzea
Mugarri garrantzitsu bat izan zen hura. Arizmendi Ikastolaren hezkuntza-komunitatean pertsonaren, pertsonaren garapenaren eta esku hartzearen gaineko ikuspegi partekatua eta jarduteko modu bateratua eraiki genituelako.
2019Pertsona-eredua ipar, ikaskuntzarako eredu berritzailea
Beste jauzi bat eman genuen ondorengo urteetan. Nola jardun zehaztetik zertarako jardun argitzera iritsi ginelako. Ulertu genuen herri zein gizateria gisa ditugun erronkei erantzuteko konpetentzia jakin batzuk garatzen laguntzea ez dela nahikoa. Egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko barne sendotasuna duten pertsona euskaldun, kooperatibo, eraldatzaile eta ekintzaileak behar direla, eta geure egiteko nagusia, geure enkargua, orain gurekin dauden ikasle horiengan eragina, inpaktua izango duten ikaskuntza-esperientziak eskaintzea dela.
Hau guztia, 2019an Ametsak betetzeko daudelako liburuan azaldu genuen. Izan ere, ikaskuntzarako eredu berri baten atarian ginen eta geure hezkuntza-komunitatearekin horren guztiaren kontakizuna, norabide berria… partekatu beharra genuen.
2020Diseinutik praktikara saltoa
Aurreko fasean amestutako hori prototipo bihurtu genuen, prototipoa abian jartzeko adin-tartea aukeratu genuen, eta hezkuntza-paradigma berrira migratzen lagunduko zigun aldaketarako esperientzia aurreratua jarri genuen abian 2020-21 ikasturtean, LH5n eta DBH1n. Hurrengo ikasturtean, LH6n eta DBH2n. Momentu honetan diseinatutako eta inplementatutakoaren inguruko ebaluazioa egitearekin batera, planteamendu berri hau beste etapetara transferitzeko urratsak ematen ari gara. Uste dugu hori dela familiek eta ikasleek eurek gugandik espero dutena eta egin behar duguna.
2023Ikastola gara
Kooperatiba gara
Arizmendi ikastolaren antolaketa eredua kooperatiboa da. Kooperatibak gu geu izateko eta guk geuk egiteko ahalmena ematen digu. Elkarrekin egiten dugu lan. Asmoak elkarrekin partekatzen, erabakitzen eta lortzen ditugu.
Bazara egitasmoa
BAZARA Arizmendi Ikastolaren identitatearen bi elementu nagusiak, ikastola eta kooperatiba, jorratzeko sorturiko egitasmoa da. Ikastola kooperatiboa izatea zer den ulertzea eta ezaugarri horiei loturiko balioak lantzea eta gutariko bakoitzarengan sendotzea garrantzitsua da guretzako. Horregatik, 2006an BAZARA egitasmoa abiatu genuen Arizmendi Ikastolan horren guztiaren lanketa geure ikasleekin, lankideekin eta familiekin egiteko.
Helburu nagusi horri begira bost dira BAZARA egitasmoan lantzen ditugun alderdiak:
- Ikastola izaera
- Kooperatiba izaera
- Hizkuntza-jarrerak
- Euskal identitatea eta kultura
- Munduko identitateak eta kulturak