Palestinako herriaren genozidioa salatzen dugu Arizmendi Ikastolan
Palestinako herriak jasaten duen genozidioa salatzeko manifestua sustatzen ari dira Bilboko ikastetxe eta ikastoletako guraso elkarteak. Euskal Herriko beste hezkuntza komunitateak bat egin eta mobilizatzera animatzen dituzte sarraski basatiaren aurrean. Bilboko hogei bat eskola eta ikastoletako guraso elkarteetako eta hezkuntza komunitateetako ordezkariak elkartu dira, eta publiko egin den manifestuak Euskal Herri osora zabaltzea du helburu. Gogoratu dutenez, eremuan lan egiten duten erakunde ezberdinen datuen arabera, “13.000 neska-mutil baino gehiago hil dira Gazako Zerrendan aire erasoetan eta biztanleria osoa etengabe eta berehalako heriotza arriskuan dago”.
Arizmendi Ikastolan ere manifestuan egiten den eskaera honekin bat egiten dugu: Bermatzea haurrak ez daitezela gerra-helburu izan, eta justizia giza eskubideen urraketen aurrean.
Haurren hilketa eta mutilazioa, eskolen zein ospitaleen aurkako erasoak, haurren aurkako urraketa larriak dira. Nazioarteko komunitateak bermatu behar du berehalako ikerketa independenteak egiten direla eta egileak justiziaren aurrera eramaten direla. Berehalako su-eten iraunkorra Gazan, eta genozidioaren amaiera Palestinan, NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak horrela definituta. Gainera, berehalako esku-hartzea eskatzen dugu, biztanleria zibilaren babesa ziurtatuko duena, laguntza humanitario sartzea ahalbidetuko duena, eta okupatutako lurralde palestinar guztietan giza eskubideen errespetua bermatuko duena.
(Albisteko irudia: berria.eus)