Ikastolen Elkarteak azken hiru urteetako matrikulazio prozesuen balorazio oso kritikoa egiten du

Eusko Jaurlaritzak 2023an indarrean jarri zuen matrikulazioaren dekretuaren desadostasuna adierazteko, Ikastolen Elkartea osatzen dugun 114 Ikastolok agerraldia egin genuen joan zen ostegunean Gasteizen. Arizmendi Ikastolatik Kontseilu Errektoreko kideak diren Aitor Elizaran eta Alaitz Perez de Arenaza izan ziren bertan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzeko azkeneko dekretuak, duela hiru urtekoak, ez du balio izan segregazioa bukatzeko. Aitzitik albo kalteak eragin ditu. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan eman. Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua. Ikastolei kalte egin die dekretuak, haien matrikulazio kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere. Horiek dira,  laburbilduz, azken hiru urteetan egin den matrikulazioaren kudeaketaren gainean egin duten balorazioaren puntu nagusiak. 

Horrekin batera, hainbat neurri proposatu dituzte:

  • Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea
  • Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea
  • Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea
  • Matrikula bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin.
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea.
  • Familien hautuaren askatasuna errespetatzea

Proposamen hauek, hezkuntza-sistema inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin planteatu dituzte.

Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte, eta zein neurri hartuko  dituzten azaldu dute:

  • Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dute ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko.
  • Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea proposatu dute. Egingo ez balitz, euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute ikastolek, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat.
  • Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.

Ikastolek berretsi egin dute euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo eta konprometituak izateko asmoa. Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela gogorarazi dute: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak dira.

Hemen Ikastolen Elkarteak argitaratutako prentsa ohar osoa irakurgai.

Berria.eus-en argitaratutako albistea, hemen.