
“Herri txiki, altxor handi” PROIaren baitan, bisitak izan ditugu Arimazubin
Arimazubiko 5.mailako ikasleak “Herri txiki, altxor handi” PROIa lantzen ari dira. Munduan hizkuntza asko daudela eta horietako asko arriskuan daudela ohartzeko helburuarekin, hizkuntza nagusi eta gutxituen arteko desberdintasunak ikasi dituzte.
Helburu honen baitan, Iñaki Gonzalez lankidea Ikastolara etorri zen kaqchikel hizkuntzari eta kulturari buruz dakiena gurekin partekatzera. Bere ekarpenari esker, beste kultura eta hizkuntza batekin konektatzeko aukera izan dute ikasleek.
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Erasmus ikasleen bisita izan dute Arimazubin, izan ere, jatorri desberdinetako ikasleak gerturatu dira gurera: Norvegia, Suitza eta Alemaniakoak. Elkarrizketak beste herrialde batzuetako errealitatea zein den ezagutzeko balio izan die ikasleei. Gainera, kultura ezberdinen inguruko informazio trukaketa egiteko aukera izan dute. Euskal Herriko herri eta mendi ezberdinak bisitatzeko gomendioak eginez amaitu dute goiza. Zortedunak sentitu dira mundu handi honetan altxor txiki ugari ditugula ikustean.
Eskerrik asko gugana hurbildu zareten guztioi!