Lanbide Heziketako ikasleak gizartean eragiten

Aipagarria da gure Ikastolako Lanbide Heziketak enpresa, erakunde eta elkarte ugarirekin duen harreman estua, bide ematen baitigu ikasleek praktikak egin ditzaten, lan mundua ezagutu dezaten, eta, azken batean, lanbidea aurkitu eta gizartean eragin dezaten. Izan ere, ditugun zikloen eskaintzak gizartearen beharrei erantzuten die. Horretarako, eduki teoriko eta praktikoetan trebatzen laguntzen ditugu ikasleak, lan munduan eskatzen zaizkien gaitasun teknikoak modu autonomoan eta taldean garatu ahal izateko. 

OINARRIZKO LANBIDE HEZIKETAKOAK ASPACE ERAKUNDEAREKIN ELKARLANEAN

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu ez duten ikasleentzat prestatuta dago Oinarrizko Lanbide Heziketa. Askotariko arrazoiak direla medio, ikasketa prozesuan aurrera egiten uzten ez dien frustrazioa eta konfiantza falta izaten dute euren buruarengan, askotan. Sentimendu horiei aurre egiteko eta motibazio tresna gisa, elkarlan proiektu bat sortu genuen irabazi-asmorik gabeko Aspace erakundearekin. Euren egoitza gure ikasgeletatik hurbil dagoela aprobetxatuta, haiekin hartu-emanean hasi ginen. Aspaceko erabiltzaileen kasuak ezagutu, esperientziak elkarri kontatu, mugak gainditzeko eta oztopoen aurrean jarrera positiboa izateko gaitasuna ikusi eta ikasteko aukera daukate gure gazteek. Gainera, bertan mantentze lanak egiten ditugu, ikasitakoa praktikan jartzeko.

OSASUN LARRIALDIETAKOAK GURUTZE GORRIAN BOLUNTARIO LANETAN

Osasun Larrialdietako ikasleek boluntario aritzea zer den probatzeko aukera ezin hobea izaten dute urtero Gurutze Gorria erakundean, gizartean eragin zuzena daukaten proiektuetan edota larrialdiekin erlazio zuzena daukaten ekintza prebentiboetan parte aktibo izanez. Elkarlana, errespetua, bizikidetza eta halako kontzeptuak errealitatean bizipenaren bidez barneratzen dituzte, norberak bere izate eta esanetik. Ikasle bakoitza bere eskualdeko Gurutze Gorrian izan daiteke boluntario, eta horrek parte hartzeko aukera ematen die. Horrela, larrialdien beste mundu hau barrutik ezagutzen dute lan mundura irten aurretik, eta, are garrantzitsuagoa dena, besteei laguntzeko grina pizten zaie, trukean ezer espero gabe. Bestalde, bi ikasturteetan, beste eragile batzuekin elkarlanean aritzen gara, lehen sorospeneko saioak ematen nagusi, nerabe eta haurrei, egoitzekin elkarlanak egiten, beste ziklo batzuetako ikasleei prestakuntza saioak ematen, Ikastolako beste egitasmoetarako tailer txikiak antolatzen… Beti dago zerbait gizarteari eskaintzeko.

MIKROINFORMATIKAKOAK BESTE BIZIALDI BAT ORDENAGAILU ZAHARREI

Mikroinformatikako ikasleek, irakasleen laguntzarekin, Birziklanet proiektua abiatu zuten duela hiru ikasturte: erabiltzen ez diren ordenagailuak inguruko enpresa eta erakundeengandik jaso, aztertu, ezaugarriak ikusi eta doitze lanak egiten ditugu, ordenagailu horiei beste bizialdi bat emateko. Irabazi-asmorik gabeko enpresa moduan funtzionatzeko asmoa daukagu Birziklaneten, ikasleek prozesu guztia ikas dezaten. Ordenagailuei beste bizialdi bat emanez, dohaintzarako zein salmentarako (materialen gastuetarako) prestatzen ditugu. Inguruan beharra duten elkarteetara eta, Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez, Brasilen, Ukrainan, Saharan eta Senegalen beharra zeukatenengana heltzea lortu dugu.

Ekimen honen berri izan nahi baduzu, jarraitu @birziklanet Instagram, Facebook, X eta Linkedinen.

GIKAI ETA SASOIBIDE ELKARLANEAN

Izadi Urkiola GIKAlko ikasle ohia da, eta gure Ikastolako Lanbide Heziketak Sasoibide elkartearekin egiten duen elkarlanari esker, oso esperientzia aberasgarria bizi izan du: amamari kirol eskolak ematea. GIKAI heziketa zikoloko ikasleek zahartzaroa modu praktikoan jorratzeko, nagusiekin hainbat dinamika egin dituzte: Arrasate ezagutu eta bertatik paseatu, oreka eta koordinazioa landu, indarra etxean euren kabuz lantzeko ariketak erakutsi, zumba eskolak eman, TRX saioen bidez gihar sistema landu… Esperientziaren emaitza oso positiboa dela adierazten dute ikasleek, guztiek ikasten baitute zerbait egonaldietan, eta belaunaldien arteko esperientzien truke aberasgarria izaten da.

ERIZAINTZAKO IKASLEAK BOLUNTARIO LANETAN 

Inaxio pertsona baten fikziozko izena da. Baina ez da aktore batena, baizik eta pertsona erreal batena. Gaixotasun psikiatriko batek eraman zuen Arrasateko Gesalibar auzoan dagoen Aita Menni ospitalera, orain dela urte batzuk. Ikasturte hasieratik lagun berriak egin ditu: Arizmendi Ikastolako Erizaintzako Zaintza Osagarriak heziketa zikloko ikasle boluntarioak. Inaxiori aurpegia aldatzen zaio ikasle multzoa agertzen den bakoitzean. Bertako langile batek ikasleei esan zien Inaxiok ez zuela hitz egiten. Lagun berriak harrituta geratu ziren, haiekin hitz egiten duelako. Beste zaintzaile batek esan die Inaxiok aurrerapausoak eman dituela azkenaldian: dieta aldatu diote, gehiago komunikatzen omen da eta gehiago mugitu. Zer jaso du Inaxiok ikasle horiengandik? Konpainia, laguntasuna, barre egiteko kideak, entzutea, ardura, esku baten ukimena… Eta ikasleek zer jaso dute Inaxiorengandik? Esperientzia profesional bat, eta berotasuna bihotzean. Boluntarioen programa hori ospitale psikiatrikoetan eta zaharren egoitzetan eraman daiteke aurrera. Asteko arratsalde batean, ikasleek —banaka, binaka edo taldeka— beren denboratik pare bat ordu baliatzen dute horretarako.