Arizmendiko BATUn aztertutako esperientzia “Tras las huellas de la renovación pedagógica” liburuan

“Tras las huellas de la renovación pedagógica: Experiencias y retos en centros de educación infantil, primaria y secundaria” liburuko 8. kapituluan Arizmendi Ikastolako BATU egitasmoko esperientzia azaltzen da, “Una experiencia de renovación pedagógica en Arizmendi Ikastola: el proyecto BATU” izenburupean.

Lana Espainiako Estatuko hainbat ikastetxetako errealitatean murgiltzen da, Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzaraino, gaur egun berrikuntza pedagogikoa modu askotarikoetan ematen dela frogatzeko. Horretarako, liburuak oso testuinguru ezberdinak biltzen ditu: Kataluniako landa-eskolak, eskola libreak (El Rusc), Bartzelonako institutu publiko berritzaileak (Costa i Llobera) eta eredu kooperatibo euskaldunak (Arizmendi Ikastola), besteak beste.

Liburuak balioan jartzen du BATUko eraldaketa hau ez dela irakasleen kontu isolatua, baizik eta familia eta ikasleekin batera eraikitako prozesu bat dela, eta “Konfiantzaren Pedagogia”ren testuinguruan, eraldaketa pertsonaletik abiatuta eraldaketa kolektiboa bilatzen dugula, hezkuntza komunitate osoaren eraldaketa gisa. Horretarako, BATU egitasmoan gure Ikastolak lortu duen koherentzia globala azpimarratzen da; definitu dugun pertsona eredua eta nola egokitu ditugun ikaskuntza-testuinguruak eta baliabideak helburu hori lortzeko. Ez daudela banatuta “zer” (helburuak) eta “nola” (metodologia), guztiz lotuta daudela. 

Beste kasu batzuekin batera (landa-eskolak, ikaskuntza komunitateak Sevillan, etab.), Arizmendi “faro” edo erreferente gisa agertzen da, erakusteko berrikuntza pedagogikoa ez dela iraganeko kontua, baizik eta gaur egun bizirik eta indartsu dagoen errealitatea dela.

Liburua esteka honetan deskargatu daiteke, CC lizentziapean.