Zapatuan, urriaren 18an, Ezkurtxo Eguna ospatuko dugu Apotzagan

Udazkenari ongietorria egiteko, Ezkurtxo eguna ospatuko dugu zapatuan, urriaren 18an, beti moduan, urriko hirugarren aste-bukaeran. Eskoriatzako Akeitako geltokian elkartuko gara goizeko 9:30ean autobusez Apotzagara joateko.

Egun berezi hau euskara eta irakurzaletasuna sustatzeko, familia eta lagun artean egun ona pasatzeko eta antzinako jolasak ezagutzeko helburuarekin antolatu da.

Aurtengoa XXV. edizioa izango da, eta Apotzagako elizaren inguruan egingo ditugu ekintzak. Auzoan ibilalditxo bat egiteaz gain, ipuin kontaketa, jolasak eta mokadua dastatzeko aukera egongo da.

Astean zehar Jose Arana eta Almen guneko haurrek maskarak egingo dituzte, eta Ezkurtxo abestia ere ikasiko dute zapatuan denok batera kantatzen aritzeko: “Ezkur bat, ezkur bi; Udazkena etorri; Ezkur bat, ezkur bi; Saltoka zu ta ni; Aurtengo neguan; Edurra ugari; Ezkur bat, ezkur bi; Zuhaitzetik erori.

Eguerdiko 14:00ak aldera itzuliko gara Akeitako autobus geltokira.

Ikastolako komunitatea eta Eskoriatzako herritarrak ekimenean parte hartzera animatzen ditugu!