VIANA 2024 – 2. TXANDA

2024/07/14

Kaixo familia!

Iritsi da maletak egin eta etxera joateko unea ere… A ze pena!

Ikastola txukundu, agur batekin amaitu eta 15:00ak aldera Arrasatera abiatu gara, etxekoak ikusteko ere bazen-eta gogoa.

Bide batez, bertan uzten dizuegu aste osoko LABURPEN BIDEOA. Plazerra izan da, AUPA VIANA!

Eskerrik asko denoi eta hurrengo arte!

2024/07/13

Kaixo denoi Vianatik!

Astea amaitzen doa baina indartsu eta gogotsu jarraitzen dugu. Behin gosalduta, ikastola ondoko basora joan eta goizean BANDEREN JOLASA egin dugu. Talde bakoitzak lehen egunean sortutako bandera gorde eta beste taldeenak bilatu behar izan ditu. Hori nahikoa ez eta are zirraragarriagoa izateko bakoitzak isats bana babestu behar izan du, KONTUZ INGURUKOEKIN!

Bazkaldu ostean denbora libre pixka bat eduki eta igerilekura joateko motxila prestatu dugu, han igaro baitugu azken arratsaldea, eta aise gozatu ostean pena handiz agur esan behar izan diogu igerilekuari :'(

Afaria sabeleratu eta gero monitoreen arteko ezkontza, sari banaketak eta DISKO FESTA ederra izan dugu, ZER-NOLAKO DANTZAK! Bikaina azken gaua… eta, neka-neka eginda, lotara!

A ze ondo pasatu dugun… Gabon Viana!

2024/07/12

Olesak Vianatik!

Gaurkoan, goizean goiz pirataz mozorrotu eta PIRATEN EGUNA ospatu dugu. Eustakio eta Filomena piratak duela 11 urte Vianan gordetako harri bitxien bila aritu gara pista jolas baten bidez. Hainbat talde-erronka gainditzeko parada izan dugu, zeinen trebeak garen!

Nekea ere nabari da udalekuetan; hori dela eta, indarberritzeko bazkal ondoren SINTONIA egin dugu: erlaxazioa, masajeak, arnasketak… Ondoren, eguraldia lagun eta ohitura onei eutsiz, igerilekura joan gara, bikaina bainua!

Ohera joan aurretik, lo sakuak hartu eta kanpo eremuan jarri eta solasean aritu gara: musika entzuten, abesten, pultserak egiten… ilunabarraz gozatzen!

Emeki eta baratxe lotara joan gara, bakoitzari gorputzak eskatzen zion erritmora.

Ondo izan familia!

1720816755762

2024/07/11

Aupa, Vianatarrok!

Gaurko eguna berezia izan da, alegia, egun osoko irteera egin dugu Artabiako Urederra errekara. Indarrak hartzeko gosaldu, motxilak prestatu eta behin bidaia eginda, iritsi gara azkenean helmugara. Bertan, errekan gora eta behera ibili gara, jauzi batzuk ere egin ditugu uretara eta hainbat arrain eta karramarro ikusi ditugu. ESPERIENTZIA EDERRA!

Denok batera ogitarteko mardul bat bazkaldu dugu eta ostean, berriro indarrak hartuta, denbora gehiago ibili gara gure saltsan. Beste txoko batzuk ere miatu ditugu, eta ez dugu zalantzarik izan haietaz disfrutatzeko… eta ze ondo! Behin errekan egin beharrekoak eginda, ikastolara egin dugu buelta. Merienda jan eta jolas librerako denbora izan dugu bertan, txutxumutxuen kaxari ere eman diogu irekiera… URDURITASUNA NABARITZEN DA AIREAN!

Afaldu eta egun luze baten ostean, gaubela lasaia izan dugu gaurkoan. Denok batera abestu, dantza egin eta, nola ez, txutxumutxu batzuk entzuten amaitu dugu eguna… TXISMES, TXISMES!

Guztiarekin amaitu ondoren LOTARA! Bihar beste egun bat izango da…

Ondo lo egin familia!

2024/07/10

Kaixo familiak!

Gaur goizean Vianako Olinpiadei eman diegu hasiera. Talde bakoitzak bere kamiseta jantzi, bandera prestatu eta desfile eder batekin ekin diogu jardunaldiari. Horren ondoren, jokoak… Hori zen tentsioa! Talde guztiek egin dute lan bikaina, kiroltasuna ere kontuan hartuz… Vianako Olinpiadetan ez baita txapelduna joko gehien irabazten duena soilik, JARRERA HEMEN EZINBESTEKOA DA!

Arratsaldean, beroari aurre egiteko igerilekura joan gara, eta, gezurra dirudien arren, oraindik bageneukan energia saltoka, txirristatik gora-beheraka eta baloiarekin zein frisbee-ekin aritzeko. Badirudi, jolasteari dagokionez, aseezinak garela!

Gaubelan VIANA GOT TALENT show-a egin dugu, epaimahai zorrotz bat aho bete hortz utzi dituzten erakustaldiak aurrera eramanaz. HAU DA HAU TALENTUA VIANAN DUGUNA!

VIANA GOT TALENTekin amaituta lotara joan gara, bihar egunpasa luze bat baitugu aurretik. ARTABIA… BAGOAZ!

Agur bero-bero bat Vianatik!

1720654576726

2024/07/09

Kaixo denoi!

Bigarren eguna ere ederra izan da! Goizean zehar, aste osoa igaroko dugun herria ezagutzeko aukera izan dugu, hain zuzen, Vianan zehar ginkana bat egin baitugu: kaleak, plazak, herriko pertsonaia esanguratsuak, historia… Interesgarria, benetan!

Bapo bazkaldu ostean, goizean bisitatu ez dugun txoko eder batera joan gara, alegia, herriko igerilekura. A zer nolako txirristak, aspertzeko denborarik ez dugu izan!

Eguzkia ezkutatu denean monitore batzuk kondaira ezberdinek dioten pertsonaien papera hartu eta ikastolako txoko ezberdinetan ezkutatu dira. Lortuko al dugu gure monitore maiteak aurkitzea? Hori erronka!

Galanki amaitu dugu eguna, hortzak garbitu eta lotara, bihar VIANAKO OLINPIADAK ospatuko baititugu.

Bihar ere hemen izango gaituzue kontu gehiagorekin!

2024/07/08

Kaixo familiak!

Eguerdiko 13:00ean Arrasateko geltokian elkartu eta poz-pozik abiatu gara Vianara! Autobusean pelikula bat ikusten etorri gara, tarteka abestu ere egin dugu eta, hau guztia gutxi balitz bezala, monitoreak gehiago ezagutzeko aukera eduki dugu. Aparta hasiera!

15:00ak aldera Erentzun Ikastolara heldu gara, gure aterpetxea izango denera, eta, jolaserako ditugun espazio ezberdinak ikusi ditugu, ederra lekua!

Denok batera bazkaldu dugu, eta, ostean, monitoreek taldeka banatu gaituzte. Talde bakoitzak udalekuetan erabiltzeko kamiseta zein banderak egiteko tarte bat hartu du. Artistak benetan!

Jarraian, beroari aurre egiteko, ur jolas batzuk ere egin ditugu.

Askariaren ondoren, gaubelarako taldekako aurkezpenak prestatzeko denbora eduki dugu; koreografiak, antzerkiak, bertsoak…

Mmm berriz ere tripak zarataka hasi zaizkigu eta afaltzeko entsalada eta arraina! Goxo-goxoak!

Egunari amaiera emateko, gaubelan talde bakoitzak bere burua aurkezteko aukera izan du, eta, ideia ezberdinen bidez barre ederrak egin ditugu! Horren ostean hortzak garbitu eta lotara, nekatuta gaudenez erraz lokartu gara… badakigu-eta lehenengo eguna besterik ez dela eta gerra emateko egun asko ditugula!

Viana 2024 - 2. txanda (1go eguna)