VIANA 2. TXANDA – 2025
2025 / 07 / 12
Kaixo familiak!
Iritsi da maletak egin eta etxera joateko unea ere… A ze pena! Ikastola txukundu, agur batekin amaitu eta 15:30ak aldera abiatu gara, etxekoak ikusteko ere bazen-eta gogoa.
Bide batez, bertan uzten dizuegu aste osoko LABURPEN BIDEOA. Plazerra izan da, AUPA VIANA!
Eskerrik asko denoi eta hurrengo arte!
2025 / 07 / 11
Aupa denoi Vianatik!
Astea amaitzen doa baina indartsu eta gogotsu jarraitzen dugu. Behin gosalduta, ikastola ondoko basora joan eta goizean BANDEREN JOLASA egin dugu. Talde bakoitzak lehen egunean sortutako bandera gorde eta beste taldeenak bilatu behar izan ditu. Hori nahikoa ez eta are zirraragarriagoa izateko bakoitzak isats bana babestu behar izan du, KONTUZ INGURUKOEKIN!
Bazkaldu ostean denbora libre pixka bat eduki eta igerilekura joateko motxila prestatu dugu, han igaro baitugu azken arratsaldea, eta aise gozatu ostean pena handiz agur esan behar izan diogu igerilekuari :'(
Afaria sabeleratu eta gero DISKO FESTA ederra izan dugu, ZER-NOLAKO DANTZAK! Bikaina azken gaua… eta, neka-neka eginda, lotara!
A ze ondo pasatu dugun… Gabon Viana!
2025 / 07 / 10
Kaixo, familiak!
Gaurkoan, goizean goiz pirataz mozorrotu eta PIRATEN EGUNA ospatu dugu. Eustakio eta Filomena piratak duela 11 urte Vianan gordetako harri bitxien bila aritu gara pista jolas baten bidez. Hainbat talde-erronka gainditzeko parada izan dugu, zeinen trebeak garen! Ondoren, eguraldia lagun eta ohitura onei eutsiz, igerilekura joan gara, bikaina bainua!
Ohera joan aurretik, lo-zakuak hartu eta kanpo eremuan jarrita solasean aritu gara ilunabarraz gozatzen: musika entzun, abestu, pultserak egin… denetarik!
Emeki eta baratxe lotara joan gara, bakoitzari gorputzak eskatzen zion erritmora.
Izan ongi familia!
2025 / 07 / 09
Aupa, Vianatarrok!
Gaurko eguna berezia izan da, alegia, egun osoko irteera egin dugu Kanpezuko errekara. Indarrak hartzeko gosaldu, motxilak prestatu eta behin bidaia eginda, iritsi gara azkenean helmugara. Bertan, errekan gora eta behera ibili gara, jauzi batzuk ere egin ditugu uretara eta hainbat arrain eta karramarro ikusi ditugu. ESPERIENTZIA EDERRA!
Denok batera ogitarteko mardul bat bazkaldu dugu eta ostean, berriro indarrak hartuta, denbora gehiago ibili gara gure saltsan. Beste txoko batzuk ere miatu ditugu, eta ez dugu zalantzarik izan haietaz disfrutatzeko… eta ze ondo! Behin errekan egin beharrekoak eginda, ikastolara egin dugu buelta. Merienda jan eta dutxatzeko denbora izan dugu bertan, txutxumutxuen kaxari ere eman diogu irekiera… URDURITASUNA NABARITZEN DA AIREAN!
Eguzkia ezkutatzearekin batera monitore batzuk kondaira ezberdinek dioten pertsonaien papera hartu eta ikastolako txoko ezberdinetan ezkutatu dira. Lortuko al dugu gure monitore maiteak aurkitzea? Hori erronka! Eta, nola ez, txutxumutxu batzuk entzuten amaitu dugu eguna… TXISMES, TXISMES!
Guztiarekin amaitu ondoren LOTARA! Bihar beste egun bat izango da…
Ondo lo egin familia!
2025 / 07 / 08
Kaixo denoi!
Hirugarren eguna ere ederra izan da! Goizean zehar, Vianako kaleak ezagutzeko aukera izan dugu, hain zuzen, herrian zehar ginkana bat egin dugu eta: kaleak, plazak, herriko pertsonaia esanguratsuak, historia… Interesgarria, benetan!
Bapo bazkaldu ostean, goizean bisitatu ez dugun txoko eder batera joan gara, alegia, herriko igerilekura. A zer nolako txirristak, aspertzeko denborarik ez dugu izan!
Gaubelan VIANA GOT TALENT show-a egin dugu, epaimahai zorrotza aho bete hortz utzi dituen erakustaldi andana aurrera eramanaz. HAU DA HAU TALENTUA VIANAN DUGUNA!
VIANA GOT TALENTekin amaituta lotara joan gara, bihar egunpasa luze bat baitugu aurretik. KANPEZU… BAGOAZ!
Bihar ere hemen izango gaituzue kontu gehiagorekin!
2025 / 07 / 07
Olesak Vianatik!
Gaurkoa egun zirraragarria izan da. Goizeko bederatzietan gosaldu dugu indarrak hartzeko, eta 10:00etan autobusa hartu dugu Campo Activo-ra abiatzeko, naturan murgildutako abentura eguna hasteko.
Iristean taldeka jarri eta aurpegia marraztuta askotariko ekintzekin hasi gara. Ondoren, hirugiharra eta gazta bokata sabelean sartu eta, indarberrituta, arnesak jarri eta tirolinetan, eskaladan eta zuhaitzen arteko zirkuituetan ibili gara. Oso ondo pasa dugu guztiok elkarrekin!
Bueltan sorpresa ederra izan dugu Maialen eta Elene ikusi ditugunean… gure bi monitore berriak! Dutxa freskagarri bat hartu eta afaldu aurretik tartea izan dugu elkar gehiago ezagutzeko. Iluntzean, afari eder bat jan eta gaubelan ederki ibili gara: monitore etorri berrien aurkezpenean dantza eta kanta ibili ondoren, musika kaxarekin denetariko probak egin ditugu!
Eguna bukatzeko, poliki-poliki oheratu gara, biharko egunari gogotsu begira. Ongi etorri vianatarrok osatzen dugun familiara, Maialen eta Elene!
2025 / 07 / 06
Kaixo familiak!
Eguerdiko 13:00ean Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako geltokietan elkartu eta poz-pozik abiatu gara Vianara! Autobusean pelikula bat ikusten etorri gara, tarteka abestu ere egin dugu eta, hau guztia gutxi balitz bezala, monitoreak gehiago ezagutzeko aukera eduki dugu. Aparta hasiera!
15:00ak aldera Erentzun Ikastolara heldu gara, gure aterpetxea izango denera, eta, jolaserako ditugun espazio ezberdinak ikusi ditugu, ederra lekua! Denok batera bazkaldu dugu, eta, ostean, monitoreek taldeka banatu gaituzte. Talde bakoitzak udalekuetan erabiltzeko kamiseta zein banderak egiteko tarte bat hartu du. Artistak benetan!
Askariaren ondoren, gaubelarako taldekako aurkezpenak prestatzeko denbora eduki dugu; koreografiak, antzerkiak, bertsoak… Mmm berriz ere tripak zarataka hasi zaizkigu eta afaltzeko leka-patatak eta oilaskoa edo sanjakoboa aukeran! Goxo-goxoak!
Egunari amaiera emateko, gaubelan talde bakoitzak bere burua aurkezteko aukera izan du, eta, ideia ezberdinen bidez barre ederrak egin ditugu! Horren ostean hortzak garbitu eta lotara, nekatuta gaudenez erraz lokartu gara… badakigu-eta lehenengo eguna besterik ez dela eta gerra emateko egun asko ditugula!
