VIANA 1.go TXANDA – 2026

2026 – 07 – 04

Aupa denoi Vianatik!

Astea amaitzear dago, baina guk lehen eguneko ilusio eta indar berarekin jarraitzen dugu!

Gosaldu ondoren, ikastolaren ondoko basora joan gara goizeko erronka handirako: banderen jolasa. Talde bakoitzak lehen egunean sortutako bandera babestu behar izan du, aldi berean gainerako taldeenak aurkitzen saiatuz. Eta horretaz gain, bakoitzak bere isatsa ere zaindu behar izan du… Beraz, adi ibili gara une oro! Zer nolako estrategia, lasterketa eta emozioak!

Bazkaldu ostean atseden hartzeko eta denbora libreaz gozatzeko tartea izan dugu. Ondoren, motxilak prestatu eta herriko igerilekura joan gara azken arratsaldeaz disfrutatzera. Bainuak, txirristak eta jolasak ez dira falta izan, baina iritsi da agurtzeko unea ere… Pena pixka batekin esan diogu agur aste honetan hainbeste momentu eman dizkigun igerilekuari.

Afaldu ondoren, azken gaubela ospatzeko disko festa bikaina izan dugu. Musika, dantza, algarak eta giro aparta izan dira nagusi. Ez dugu dantzatzeari utzi azken abestira arte!

Azken gauari amaiera emateko, neka-neka eginda baina irribarrea aurpegian genuela joan gara lotara.

A ze ondo pasatu dugun… Gabon, Viana!

2026 – 07 – 03

Kaixo familiak!

Gaur goizean Vianako Olinpiadei eman diegu hasiera! Talde bakoitzak bere kamiseta jantzi, bandera prestatu eta desfile ikusgarri batekin abiatu dugu jardunaldia. Ondoren, olinpiadetako lehen probetan murgildu gara. Lehia handia izan da, baina are handiagoa izan da talde guztiek erakutsi duten kiroltasuna eta elkarrekiko errespetua. Izan ere, Vianako Olinpiadetan ez da nahikoa jokoak irabaztea… jarrera da benetan balio duena!

Arratsaldean, beroari aurre egiteko, herriko igerilekura joan gara. Txirristak, bainuak, baloiak eta frisbeeak lagun, primeran pasa dugu. Badirudi jolasteko gogoa ez zaigula inoiz amaitzen.

Gaua iritsi denean, egunari amaiera lasai eta berezia eman diogu. Lo-zakuak hartu eta kanpoaldean elkartu gara ilunabarraz gozatzeko. Musika entzun dugu, abestu egin dugu, pultserak egin ditugu eta lagunartean solasean aritu gara. Giro ezin hobea sortu da.

Ondoren, pixkanaka-pixkanaka lotara joan gara, bakoitzari gorputzak eskatzen zion erritmoan, biharko egunari indarrez ekiteko prest.

Izan ongi, familiak!

2026 – 07 – 02

Aupa, Vianatarrok!

Gaurkoa udalekuetako egun berezienetako bat izan da! Gosaldu, motxilak prestatu eta autobusean igo ondoren, Kanpezuko errekara abiatu gara egun osoko irteeraz gozatzera.

Helmugara iritsi bezain laster, errekan gora eta behera ibili gara, freskatzeko bainu ederrak hartu ditugu eta ausartenek uretara jauzi egiteko aukera ere izan dute. Bertan, hainbat arrain eta karramarro ikusi ditugu, naturaz inguratutako txoko zoragarri batean. Esperientzia aparta izan da!

Eguerdian, denok batera ogitarteko goxoak jan ditugu indarrak berreskuratzeko, eta ondoren, ingurua esploratzen eta uretan primeran pasatzen jarraitu dugu. Egunari ahalik eta etekinik handiena atera diogu!

Ikastolara bueltan, askaldu, dutxa freskagarri bat hartu eta, nola ez, Txutxumutxuen Kutxa ireki dugu lehen aldiz. Badirudi urduritasuna eta irribarreak airean dabiltzala…

Gaubelan, berriz, VIANA GOT TALENT ikuskizun ikusgarria ospatu dugu. Abestiak, dantzak, antzezpenak eta era guztietako emanaldiak ikusi ditugu, epaimahaia aho bete hortz utziz. Hau da hau Vianan dugun talentua!

Horren guztiaren ondoren, lotara joan gara indarrak berreskuratzera. Bihar beste abentura zoragarri bat izango dugu zain… OLINPIADAK!

Ondo lo egin, familiak!

2026 – 07 – 01

Kaixo denoi!

Beste egun zoragarri bat igaro dugu Vianan!

Goizean, aste osoa igaroko dugun herria hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Horretarako, Vianan zehar ginkana dibertigarri bat egin dugu; kaleak, plazak, herriko pertsonaia esanguratsuak eta bere historia ezagutzen aritu gara. Benetan interesgarria izan da!

Bapo bazkaldu ondoren, Vianako txoko eder batera joan gara: herriko igerilekura. Txirrista ikusgarriak, bainuak eta jolasak tarteko, ez dugu aspertzeko segundo bakar bat ere izan!

Iluntzean, afari goxoa jan eta gaubelan primeran pasa dugu, izan ere, musika-kaxaren laguntzaz, era askotako probak gainditzen aritu gara, barre artean! Egunari amaiera emateko, pixkanaka oheratu gara, biharko egunari gogotsu begira; izan ere, egunpasa luze eta berezia dugu aurretik. KANPEZU… BAGOAZ!

Bihar ere hemen izango gaituzue kontu gehiagorekin! Besarkada bana!

2026 – 06 – 30

Olesak Vianatik!

Gaurkoa abenturaz betetako eguna izan da! Goizeko bederatzietan gosaldu dugu indarrak hartzeko, eta 10:00etan autobusa hartu dugu Campo Activora abiatzeko. Naturaz inguratuta, primerako eguna genuen zain!

Bertara iritsi bezain laster, taldetan banatu, aurpegiak margotu eta askotariko ekintzei ekin diegu. Eguerdian, patata tortila bokatak jan ditugu indarrak berreskuratzeko, eta ondoren arnesak jantzi ditugu zuhaitzen arteko zirkuituez, eskaladaz eta tirolinez gozatzeko. Primeran pasa dugu elkarrekin!

Arratsaldean aterpetxera itzultzean dutxa freskagarri baten ondoren jolaserako tartea izan dugu.

Iluntzean, afari goxoa jan eta ondoren monitore batzuk hainbat kondairatako pertsonaia bihurtu eta ikastolako txoko ezberdinetan ezkutatu dira. Gure erronka haiek aurkitzea izan da… eta ez digute batere erraz jarri!

Egunari amaiera emateko, pixkanaka oheratu gara, biharko egunari ilusioz begira.

Besarkada handi bat, familia!

2026 – 06 – 29

Kaixo familiak!

Goizeko 09:30ean Arrasateko geltokian elkartu eta poz-pozik abiatu gara Vianara! Autobusean kontu kontari etorri gara, tarteka abestu ere egin dugu, eta monitoreak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Hasiera bikaina!

11:30ak aldera Erentzun Ikastolara iritsi gara, datozen egunotan gure aterpetxea izango den lekura. Bertako espazioak ezagutu ditugu eta berehala konturatu gara primerako tokia dela! Bazkaldu aurretik, gainera, jolaserako tartea ere izan dugu.

Bazkalostean, monitoreek taldetan banatu gaituzte, eta bakoitzak udalekuetan erabiliko dituen kamiseta eta banderak prestatzen aritu gara. Benetako artistak ditugu hemen! Askariaren ondoren, gaubelarako aurkezpenak prestatzen hasi gara: koreografiak, antzerkiak, bertsoak… denetarik!

Lanean aritu ondoren, berriz ere tripak zarataka hasi zaizkigu, eta afaltzeko entsalada eta arraina izan ditugu. Goxo-goxoak!

Egunari amaiera emateko, gaubelan talde bakoitzak bere burua aurkeztu du, eta ideia eta emanaldi zoragarriei esker barre ederrak egin ditugu. Ondoren, hortzak garbitu eta lotara joan gara. Nekatuta geundenez, berehala hartu dugu lo… badakigu-eta gaurkoa lehenengo eguna besterik ez dela, eta oraindik aste gogorra dugula aurretik!

Ondo lo egin, familia!