Umezaintza gunean apurketak egin dituzte igande goizaldean

Umezaintza gunekook ilusio handiz eman genien hasiera pasa den ostiralean San Andres auzoko jaiei. Izan ere, auzoko Jai Batzordearekin elkarlanean kalejira bateratua egin genuen Bedoñabeko Herri Eskolako kideekin batera, eta jaien hasiera ekitaldiaren amaieran, dantza batzuk eskaini genituen guztiok elkarrekin. Ederra izan zen!

Jaiak oso giro onean hasi bagenituen ere, larunbat gaua eta igande goiza bitartean Umezaintzan gertatutakoak lur jota utzi gaitu: ezezagun batzuk Umezaintzako eremuan sartu ziren gunean apurketak eraginez -gurpilak erre zituzten zapaia kaltetuz, lurra eta paretak beltzituz; sukalde txokoa suntsitu zuten; lorak apurtu zituzten… 

Halaber, eskerrak eman nahi dizkizuegu egun hauetan babes eta atxikimendua adierazi diguzuen guztioi, eta San Andres auzoko Jai Batzordeari sare sozialen bitartez jaso dugun babesagatik. Bide batez ere, Ikastolatik gure babesa adierazi nahi diegu jaietan erasotuak izan diren garbitzaileei ere, horrelako erasoak erabat gaitzetsiz. 

Gaitzespen guztiak eginda, komunitatea eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa erakusten dugu Ikastolan. Beste behin, gure komunitateko familiek erakutsi izan duten konpromisoari helduz, auzolana antolatuko da Umezaintza kanpoko espazioa berreskuratu eta txukuntzeko. 

Eta bukatzeko, ekintza hauek egin dituztenak hausnartzera gonbidatzen ditugu, ez baitute eraikuntza baten apurketa soil bat egin, egunez egun komunitatean eraikitzen dugun hezkuntza proiektu batena baizik. Eta guk, Ikastolan, auzoak eta herriak elkarrekin eraikitzen irudikatzen ditugu.

Umezaintzako apurketak