San Andreseko jaiak ospatzeko gogoz auzora irten dira Umezaintzako haurrak
Joan den asteburuan ospatu ziren San Andres auzoko jaiak Arrasaten, giro alaian eta parte-hartze handiarekin. Jai giro horren baitan, Apirilaren 30ean, goizeko 11:00etatik aurrera Umezaintza guneko 3, 4 eta 5 urteko haurrak izan ziren protagonistak.
Profesionalen laguntzaz eta Herri Eskola lagunekin batera, auzoko kaleetan zehar kalejira alai eta koloretsua burutu zuten. Txikiek auzoko jaietako zapi berdeak eta bestelako osagarriak jantzita eta musika doinuei jarraika, kantuz eta dantzaz lagundurik abiatu zuten ibilbidea.
Ondoren, Gudarien plazan Umezaintzako 5 urtekoek jaiei hasiera eman zieten eta dantza saio ederra burutu zuten denek elkarrekin. Guztira, hiru dantza eskaini zituzten ikusleen gozamenerako, eta haurrek erakutsi zuten, beste behin ere, jai giroan parte hartzeko duten gogoa eta ilusioa.
Bigarren urtez egin dute ekimen hori auzoko jai batzordeak eskatuta, eta zalantzarik gabe, hasiera aparta eman zieten San Andres auzoko jaiei. Auzoko bizilagun zein bisitariek aukera paregabea izan zuten haurren ikuskizuna gozatzeko.
Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, eta hurrengo urtera arte!
