Salbatore Mitxelena Ikastolari babesa emateko elkarretaratzeak egin ditugu

Hezkuntza Sailak Zarautzeko Salbatore Ikastolari jarritako 140.000€-ko isunaren harira eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak bultzatuta, elkarretaratzeak egin genituen pasaden ostiralean bailarako hiru Ikastolok. 

Aretxabaletan, Basabeazpi gunean; Arrasaten Gaztelupen, Gazteluondon eta Arimazubin, eta Eskoriatzan, Almen eta Jose Arana guneetan izan ginen Zarauzko ikastolari elkartasuna adieraziz.

2023ko urtarrilean Hezkuntza Sailak, ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindu berria argitaratu zuen ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea helburuarekin. Ordu ezkero, matrikulazio prozesuak gorabeheratsuak eta gatazkatsuak izan dira gure Ikastoletan. 2023ko otsailean, Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Erreklamazio eta alegazio segida guztiak alferrikakoak izan ziren. Salbatore Mitxelena ikastolako komunitateak bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzea erabaki zuen, Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua eginez. 

2025-2026 matrikulazio prozesuaren atarian, Hezkuntza Saileko ikuskariak ikastolara gerturatu dira eta Salbatore Mitxelena ikastola zigortzeko prozedura jarri dute martxan, aipatutako 140.000€-ko isunarekin.

Ados gaude segregazioarekin amaitzeko neurriak hartzearekin, baina planifikaziorako mugak ez zaizkigu berdin ezartzen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun hezkuntza sare guztiei, eta hori horrela den bitartean, Ikastolok ateak irekitzen jarraituko diegu gure hezkuntza eredua aukeratzen duen familia orori. Horrela adostu genuen Ikastolok 2024ko ekainaren 22an Iruñean ospatu genuen 7. Batzarrean.

Ikastolen Elkarteak laguntza ekonomikoetarako kontu korronte zenbakia ere martxan jarri du: ES73 2095 5212 1091 2486 7983

Denok gara Salbatore Mitxelena!

Hemen Goienan eta Mondraberrin argitaratutako albisteak.

"Denok gara Salbatore Mitxelena" elkarretaratzea