Prentsaurrekoa egin dugu Mikroinformatika ziklokoek prestatutako materiala Saharar kanpamenduetarako bidean jarriko dugula gizarteratzeko
Ostiralean, urtarrilaren 24ean, Saharar kanpamentuetako proiektua gizarteratu genuen Ferixalekuan, Arizmendi Ikastolako lanbide heziketak erdi eta goi mailako zikloak dituen gunean. Bertaratu zirenek lau hizlari izan zituzten aurrez-aurre: Fatma Labiad, Fronte Polisarioko ordezkaria, Beñat Irazabal Arizmendiko lanbide heziketako zuzendaria, Saleh Zein Sidahamed, Saharaldebako ordezkaria eta Gaizka Eraña, Arizari Hezkuntza Elkarteko ordezkaria.
Agertutakoei eskerrak emanez eta hizlariak aurkeztuz hasi zen prentsaurrekoa. Beñat Irazabalek hartu zuen berba lehenengo; haren hitzetan, “gaur aurkeztako bezalako proiektuak oso garrantzitsuak dira bat datozelako gure ikasleei irakastea gura dizkiegun baloreekin. Proiektu honek beste erakunde batzuekin elkarlanean gizartea eraldatzeko asmoa du, ekipoak berreskuratuz arrakala digitala murrizten duelako”.
Fatma Labiadek Fronte Polisarioko ordezkariak, eskerrak eman zigun proiektu honetan dihardugun guztioi. Bereziki, Arrasateko Udala ordezkatu duen Maider Morras alkateari, Saleh Zein Sidahamedi eta Mikroinformatikako heziketa zikloko ikasle zein irakasleei. Fatma Kanpamentuetan dauden ikasleen egoera deskribatu zuen, esanez bidaliko ditugun ordenagailu zein inpresorak altxor bat direla bertako hezkuntza sistemarentzat.
Hirugarren hizlaria Gaizka Eraña izan zen, Arizari Hezkuntza Elkarteko kidea. Proiektua Arrasateko Udalaren laguntza barik eginezina izango litzatekeela adierazi ondoren, Maider Morras alkateari eskerrak eman zizkion Udalak erakutsi duen interesa eta babesagatik. Mikroinformatikako ikasle zein irakasleei eskerrak eman eta gero, proiektua elikatzeko ordenagailuen dohaitza egin duten enpresa zein norbanakoak aipatu zituen.
Azkeneko hizlaria Saleh Zein Sidahamed izan zen, Saharaldebako ordezkaria. Salehk proiektua aurrera eramateko izan dituzten zailtasunak aipatu ondoren, egingo duen bidaia deskribatu zuen. Ordenagailuak Aljerian dauden bost kanpamentuetan banatuko ditu, bertan dauden lehen hezkuntzako eskoletan. Ordenagailuek Elkartenetek sortutako Txikilinux sistema eragile askea dute eta arabez erabil aha izango dira.
Ekitaldia bertaratuei eskerrak emanez bukatu zen.
Jarraian Mondraberri, Goiena, Noticias de Gipuzkoa eta DVn argitaratutako albisteak.
