
OTSAGI – 2. TXANDA
UZTAILAK 8
Egun on, Otsagitarrok!
Gaurko egunean ere 8:00retan esnatu eta San Ferminetako entzierroa ikusi dugu gosaldu aurretik. Indarrak hartu, motxilak prestatu eta 9:30ak aldera Muskildarantz abiatu gara, hain zuzen ere, 15 kilometro inguruko ibilbidea egin dugu. Tartean, Aboditik pasatu gara, Iratiko basoan dagoen mendilerroa da, Pirineoko magalean.
Bidea ez da makala izan, baina primeran ibili gara eta helmugako paisaiak pena merezi izan du. Gainera, Otsagi herriko leku berezienetako bat den Muskildako ermita ezagutzeko aukera ere izan dugu. Bidean, geldialdia egin dugu mendian bazkaltzeko. Txangoa errekan bukatu dugu, freskatu eta jolasean ibili gara.
Eguna amaitzeko gaubelan txutxumutxuen kaxa egin dugu, Otsagiko abestia abestu eta ohera joan gara.
Beste egun zoragarri bat gure paradisuan!
UZTAILAK 7
Egun on, Otsagitarrok!!
8:00etan esnatu, San Ferminetako lehen entzierroa ikusi eta 8:30etan kanping-ean gosaldu dugu denok batera. Gaurkoan, olinpiadak izan ditugu eta eguna KORRIKA eginez hasi dugu. Taldeka, 100 metro egin dituzte lasterka eta lekukoa taldez talde igaroz, frontoira heldu gara.
Frontoian, guztiok batera aurreskua dantzatu dugu eta ondoren taldeka, 4 jolas egin ditugu: boligrafoa botilan sartzera, oinetako nahasmena, 3ko marra egitera eta lokotxak.
Bazkaltzeko kanpinera itzuli eta atseden pixka bat hartu ondoren, arratsaldean zelai errea, zapi-zapi eta KO erraldoia egin ditugu frontoian.
Eguna amaitzeko herrira joan gara eta ardiak eta otsoak izeneko jolasa egin dugu monitoreak ikasleen aurka. Bukatzeko, abestu eta ohera joan gara.
Beste egun zoragarri bat gure paradisuan!!
UZTAILAK 6
Egun on, Otsagitarrok!
Beste behin, eguneko lehen eguzki izpiek eman diete hasiera egunari. Gosarian indarrak hartu ondoren eta behin motxilak prestatuta, Konkis ekintza egin dugu eta neska-mutilak ikurriñaren bila ibili dira Otsagin zehar. Bazkaldu eta gero, Otsagabiako frontoira joan gara eta joko-jolas franko praktikatu ditugu, besteak beste, monitoreen eta ikasleen arteko futbol partidua, ahulki jolaseko final handia eta zenbai dantza. Egunarekin amaitzeko dutxatu eta afaldu ostean, kanping goiko zelaian gaubela eder bat izan dugu. Bingo musikatua egin dugu eta neska-mutilak ezin hobeto pasatu dute.
Bukatzeko, Otsagiko abestia erdi ikasia daukagunez, hauxe abestu eta ohera joan gara biharko indarrak berreskuratzera. Jarrai dezagun Otsagiz gozatzen!
UZTAILAK 5
Egun on Otsagitarrok!
Lehen egun luze baten ondoren, 8:00etan esnatzea zertxobait kostatu zaigu baina gosaldu eta gero gogotsu ekin diegu ekintzei. Otsagiko herria ezagutzeko asmoz, ginkana bat egin dugu herriko txoko, merkataritza gune eta bizilagunak ezagutzeko. Ginkana ondoren multikirol ezberdinak egin ditugu talde txikietan frontoian. Bazkaldu eta gero, Otsagi Extreme ur jolasak ekintza burutu dugu eta atsaldeari amaiera borobila emateko Ezkarozeko errekara jaitsi gara. Dutxa eta afariaren ondoren, gaubelan kaxa zoroa dinamika eraman dugu aurrera eta Otsagiko abestia abestuz egunari amaiera eman diogu.
UZTAILAK 4
Otsagiko abestiak dioen bezala, “poz handiz egin dugu maleta” eta goizeko 10:00etan gure bailaratik Otsagira abiatu gara, bidean, Foz de Arbaiun leku ikusgarrian hamarretakoa egin dugu eta 14:00etarako Osate izeneko Otsagiko kanpinera iritsi gara. Kanpinean, lasai bazkaldu ostean gelak banatu eta taldekatzeak egin ditugu, monitoreak ezagutuz. Hori guztia eta gero, talde bakoitzak hurrengo egunetan erabiliko ditugun kamisetak tintatu ditugu.
Jarraian, Otsagiko errekara bertaratu gara arratsaldea freskatzeko. Eguneko errutina hartzeko, dutxatu egin gara eta ostean Kanpinean lehen aldiz afaldu dugu.
Afal ostean, atzeko zelaian jolasean ibili ostean gaubelari ekin diogu. Bertan, Otsagiko abestia ikasten hasi gara. Ondoren, monitore galduaren bila jolastu dugu, basoan zehar taldeka monitore ezberdinak aurkituz. Bukatzeko, denok batera Otsagiko abestia abestu dugu. Egunean zehar oso ondo pasatu ostean ohera goaz, biharko pilak kargatzera.
Atseden hartu eta bihar arte Otsagitarrok!
Kaixo Otsagitarrok!
Hemen behean Otsagiko 2. txandako nondik norako nagusiak ikusiko dituzue. Bertan egunetik egunerako egindako ekintzak laburtzen joango gara argazki eta bideoen laguntzaz, uztailaren 4tik uztailaren 10era arte. Sartu, ikusi eta ondo pasa gurekin uda honetan.
Oo oo oooooh Otsagin, oo oo oooooh, aste bat elkarrekin!