
Modalitateko bigarren PROIak bukatu dituzte batxilergoko ikasleek
Udaberriko oporren aurretik, Gaztelupeko eta Almengo batxilergoko 1. mailako ikasleek modalitateko bigarren PROIak gauzatu zituzten. Batxilergoko modalitatearekin estuki lotutako diziplinarteko lanak dira, eta ikasleak bi astez buru-belarri aritu ziren planteatutako erronkei erantzuten. Modalitate bakoitzean, honako proiektuak garatu zituzten: “Personal Trainer” osasungintzakoek, “XNO” humanitateetakoak eta “Eraikina” teknologiakoek.
“Personal Trainer” proiektuaren helburua osasun-arazo desberdinak dituzten pazienteei aholkuak eskaintzea izan da. Horretarako, kasu kliniko ezberdinak aztertu dituzte eta horien arabera ariketa fisikoa, nutrizioa eta bizimodu osasungarria uztartzen dituzten orientabide pertsonalizatuak sortu. Ikasleek, hortaz, arreta osasuntsu eta arduratsua emateko gaitasunak garatu dituzte.
“XNO” proiektuaren bitartez, giza zientzietako ikasleek gizartean zabaltzen diren buloen inguruko hausnarketa egin dute. Informazio faltsua identifikatu eta aztertzeaz gain, egiazko informazioa hedatzeko ikus-entzunezko albistegiak sortu dituzte, ikuspegi kritikoa eta komunikazio-gaitasuna landuz.
“Eraikina” izeneko proiektuan, teknologia arloko ikasleek ikastolako pisu ezberdinetan aldaketa arkitektonikoak proposatu dituzte. Proiektu honen bidez, espazioen erabilera funtzionalagoa eta egokiagoa izateko ideiak aurkeztu dituzte, diseinu eta eraikuntza kontzeptuak kontuan hartuta.
Ikasleak oso gustura aritu dira lan horietan, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera baliagarria izan dute, talde-lanean, sormenaren bidez eta bizitza errealeko egoerei lotuta.