Leintz Eskola Kirolak “jendearen babesarekin” hasi du ikasturte berria
Leintz Eskola Kirolak hasi du ikasturte berria. Atzo egin zuten urtea behar den moduan hasteko jaia, eta ikastetxe guztietako neska-mutikoak gonbidatu zituzten, eskola kirolean izena emanda egon ala ez. Eskola Kirolak derrigorrezkoa izateari utzi dion honetan, 700 neska-mutikoekin hasiko dute ikasturtea; antolatzaileek jendearen babesa nabarmendu dute. Ekitaldian Arrasateko Udaleko ordezkariak, kirol teknikariak, Athlon-eko ordezkariak eta hainbat ikastetxetako ordezkariak ere izan ziren, Arizmendi Ikastolako ordezkaritza barne. Gure Ikastolan beti sinistu izan dugu eta Eskola Kirolean, kirol konpetitibotik haratago badituelako hainbat ezaugarri haurraren garapenari on egiten diotenak, eta gure hezkuntza proiektuarekin bat datozenak.
Eskola Kirolaren bueltan iazko sententziak eragin handia izan du Gipuzkoako zenbait zonaldetan. Orain arteko ereduaz alderatuta, gaur gaurkoz neska-mutikoek ez dute eskola kirola derrigorrez egin behar, eta horrek orokorrean beheraka ekarri du parte-hartzaileen partetik, baina beherakada hori ez da denean berdina izan.
Ikasturte hasierako eskola kiroleko izen-emateei erreparatuta, Leintz Eskola Kiroleko ordezkariek baikor egin zuten atzo berba, ikasturte hasierako jaian, eta familien, ikasleen, ikastetxeen eta bestelako eragileen partetik jasotako babesa nabarmendu zuten.”Iazko sententziak urduritasuna ekarri zuen, ez genekielako horrek zer ekarriko zuen, eta ze aurreikuspen egin. Uste dugu familien partetik ideiak garbi geratu direla eta euren erantzuna ona izan dela, izan ere, Leintz Eskola Kirolean aurten 700 ikasletik gora egongo dira. Datu hauek ez dira behin-betikoak, jendea oraindik izena ematen dabilelako. Horrek esan nahi du %15-%18 bitarteko jaitsiera izango dugula iazko urteaz alderatuta, eta pozik gaude babesa jaso dugulako, ikusi dugulako jendeak sinisten duela proiektu honetan eta honek indarra ematen digu lanean jarraitzeko”, adierazi zuen Julen Perales koordinatzaileak.
Iazko sententziaren aurrean Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Udaletako, ikastetxeetako (tartean Arizmendi), kirol elkarteetako (Futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, pilota, areto futbola, igeriketa, boleibola…) eta Leintz Eskola Kirolak kirol hastapenaren -mutikirolaren- alde lana egiteko hastapen mahaia eratu genuen.
Mahai honen oinarrian Eskola Kirola dago, oinarrizko programa gisa, eta multikirolaren bidez haurrek hainbat kirol jarduera ezagutzeko aukera izango dute. Udalek, ikastetxeek eta herriko kirol klubek multikirolean parte hartzea aktiboki bultzatuko dugu, eta babesa emango diogu multikirolaren eredua sendotzeari. Helburua argia da: multikirola indartzea eta erreferente bihurtzea haurrei zuzendutako kirol hastapenean. Honez gain, kluben arteko elkarlana sustatuko da bai asteko saioetan, bai eta asteburuko ekintzetan, betiere haurra erdigunean jarriz.
Jarraian, ikasturte berriko ekitaldiaren harira Mondraberrin eta Goiena.eus-n argitaratutako albisteak.