Lanbide Heziketakoen Birziklanet ekimena, mugak gaindituz: Senegaletik esker ona eta Ghana, hurrengo helburu

Lanbide Heziketako Mikroinformatikakoen Birziklanet ekimenak, ingurumenarekiko eta gizartearekiko konpromiso argia duena, aitorpen beroa jaso du Senegalgo Mbam herriko eskola batetik, ikasleek prestatu eta Yaakar elkartearekin elkarlanean bidalitako azken ordenagailuen harira. 

Inguruko elkarteei laguntza eta doaitzak

Ez da Senegalerako lankidetza hau izan ikasturte honetan Mirkoinformatikako ikasleek eta irakasleek egindako ekintza bakarra. Euren ingurune hurbilenean ere, baztertutako material informatikoa berreskuratzeko eta prestatzeko lanari esker, hainbat doaitza egin ahal izan dira.

Azken aldian materiala jaso duten inguruko elkarte eta herri eragileak honako hauek dira:

  • Ekin Emakumeak
  • Arrasateko Saharar Komunitatearen Kultur Elkartea (ASKKE)
  • Txantxiku Ikastola

Hurrengo helmuga: Ghana

Lankidetza internazionala ez da Senegalen amaitzen. Izan ere, Mikroinformatikakoak buru-belarri ari dira lanean hurrengo proiektuari erantzuteko: Ghanako Lanbide Heziketako eskola bateko ikasleen ordenagailu gela bat mahaigaineko ordenagailuekin hornitzea.

Eskerrak inguruko enpresa eta erakundeen ekarpenari

Proiektu hauen arrakasta ez litzateke posible izango inguruko enpresa eta erakundeen ekarpenik gabe. Hori dela eta, Lanbide Heziketatik eskerrak eman nahi dizkiegu azken hilabeteetan baztertutako material informatikoa eman diguten enpresa guztiei. Eskerrik asko, MU HUHEZI, MU Enpresagintza, MGEP eta Fagor Automation!

Zuen ekarpenari esker, material horri bigarren bizitza bat eman diezaiokegu, hezkuntza-helburuetarako erabiliz eta ingurumena zaintzen lagunduz. Zuen kolaborazioa funtsezkoa da gure ikasleek gaitasun profesionalak garatu eta, aldi berean, denon artean gizartearen eraldaketan eragiteko.