
Industria Eguna ospatu dute Gaztelupeko DBH 4ko ikasleek inguruko enpresak bisitatuz
Gaur, abenduaren 12a, Gaztelupeko DBH 4. mailako ikasleek Industria Eguna 2024 ospatu dute, Gipuzkoako industriaren errealitatea ezagutzeko aukera paregabea izan duten egitasmoan parte hartuz. Ekimen hau Adegi elkarteak antolatu du, helburu nagusitzat hartuta gazteen artean industria sektorearen erakargarritasuna eta etorkizuna sustatzea. Industria Egun honek, batetik, prestakuntza teknikoak eta zientzia eta teknologia alorrak (STEM) nabarmentzea du xede, eta bestetik, profesionalen garapenerako aukera berriak ezagutaraztea. Ekimen honetan Gipuzkoako 53 enpresa eta 1.000 ikasle baino gehiago bildu dira aurten.
Eguna online saio batekin hasi da. Bertan, Isabel Busto (Adegiko presidentea), Mikel Jauregi (Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua) eta Eider Mendoza (Gipuzkoako diputatu nagusia) izan dira hizlariak, gazteei industria sektorearen garrantziaz hitz egiteko. Hiru gazte profesionalek ere beraien ibilbideak partekatu dituzte: Maider Dorronsoro (datu analitikan aditua), Jon Álava (automatizazio eta robotikan espezializatua) eta Gorka Galdona (dual formakuntzan eta logistikan aditua). Hauen testigantzek ikasleei inspirazioa eskaini diete, bide akademiko eta profesionalak erakutsiz. Saioa borobiltzeko, enpresa proiektu batzuk aurkeztu eta bi ekintzaileri elkarrizketa egin zaie: Ines Larrea (Cimico) eta Josu Arregui (Voon Sports).
Online saioaren ostean, Gaztelupeko ikasleek sei enpresa bisitatu dituzte: Fagor Ederlan Markulete, Fagor Ederlan Bergara, Lacor, Ulma Forja, ULMA Architectural Solutions, eta Zerbimek. Bisita hauetan, enpresen eguneroko lana, erabiltzen dituzten teknologia berriak eta sektorearen erronkak ezagutzeko aukera izan dute. Ekimen honi esker, ikasleek industriaren mundua hurbilagotik ezagutu dute, eta beraien etorkizun profesionalari buruzko ikuspegia aberastu dute.
Industria Eguna 2024 gazteen artean interesa pizteko eta industriaren etorkizuneko belaunaldiak prestatzen laguntzeko urrats garrantzitsua izan da, baita ere beraien etorkizunataz pentsatzen hasteko.
Eskerrik asko antolatzaile eta jaso gaituzten enpresa guztiei!