Ikastolako kamiseten aukeraketa prozesuan, Arimazubiko ikasleak protagonista

Ikasturte honetan ere, Ikastolako kamisetak eskatzeko garaia iritsi da. Aurtengoan, Arimazubiko LH eko ikasleak, “NIK EZ” proiektuaren baitan, gure jantzien atzean dauden istorioak aztertzen aritu dira. Besteak beste, jantziak ekoizten dituzten pertsonen lan baldintzen duintasuna, ingurumenarekiko eragina, injustizia sozialak eta beste hainbat alderdi ikertu dituzte. Lanketa honetan ikastolako azken kamisetak ere aztertzen aritu dira, eta konturatu dira Bangladeshen ekoiztutakoak direla. Herrialde honetan industria textilean lan egiten duten pertsonek, lan baldintza oso eskasak izaten dituzte kasu gehienetan. Hortaz gain, ingurumenarekiko kalte izugarriak ematen dira ekoizpen prozesuetan. 

Hori horrela, LH 6ko ikasleek zuzendaritzara gutun bat bidali zuten, ikasitakoa azalduz eta eskakizun bat eginez; “Ikastolako kamisetak egin behar baldin baditugu, ekoizleen lan baldintzak eta ingurumena zaintzen direla bermatu beharko genuke”. Honekin batera ere, Ikastolako kamiseten ekoizpenaren atzean haurrik ez dagoela ziurtatzea eskatu zuten Arimazubikoek. Zuzendaritzak, begi onez hartu zuen ikasleen eskaera eta egindako lanketa asko eskertu zuen.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Arimazubiko LH 6ko ikasle eta profesionalei, kamiseten aukeraketan egin duten ekarpen handiarengatik!

Jakin, eskaerak egiteko epea martxoaren 20tik 26ra bitartean zabalik egongo dela (Alexia bidez bidaliko da formulategia).