Hizkuntzak Biziberritzeko Programaren bueltan, Garabidekoek gure Ikastola bisitatu dute

Joan zen asteazkenean Garabide elkartekoak izan genituen bisitan. Garabide kooperazio era berria egiten duen elkartea da, esperientzien elkartrukean oinarritzen dena, eta Hizkuntzak Biziberritzeko garatu duten Formazio Programaren harira izan ditugu gurean.

Hizkuntzak Biziberritzeko Programak, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzea du helburu. Programa honek bi aldeko eragina du. Alde batetik, euskararen esperientzia erakusteko formazioa eskaintzen da, euskara biziberritzeko esperientzia mundu mailan erreferentzia nagusienetako bat baita. Bestetik, euskaldunona bezalako beste komunitate batzuk ere ari dira beraien hizkuntzak biziberritzen, eta esperientzia eta jakintzak konpartitzeko gunea sortzea bilatzen da, egoera berdintsuak bizi ditugunok elkarrengandik ikasteko.

Euskal Herriko formazioa, irailaren 20an abiatu zen eta urriaren 31n amaituko da. Bertan, saio teorikoak, bisita didaktikoak, sentsibilizazio saioak, praktikaldiak eta proiektugintza uztartzen ari dira. Parte-hartzaileek hizkuntza-aktibista profila dute. Aurtengo edizioan 13 komunitate ezberdinetatik datozen 18 hizkuntza aktibista daude. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorri dira, baina badira baita Afrika eta Asiakoak ere: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko), mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina), nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif), eta kurdu bat (Kurdistan).

Garabidekoak bisitan - 2024