“Herria Kantari” jaialdia ospatuko dugu larunbatean

Larunbatean, maiatzaren 18an, “Herria Kantari” jaialdia ospatuko dugu. Goizeko 12:00ak eta 13:00ak bitartean gure Ikastolako ikasleak Arrasateko erdigunetik kantuan ibiliko dira abesti herrikoi eta ezagunak kantatzen. Ekitaldi honek bere garaian ospatzen zen Abesbatzen Topaketa ordezkatzen du. Azken Abesbatzen topaketaren edizioa 2019an izan zen Amaia Antzokian.

“Herria Kantari” jaialdiko protagonistak ikasleak izango dira, eta Ikastolako bost taldek hartuko dute parte: Olarte, Santa Teresa, Gazteluondo, Arimazubi eta Gaztelupeko ikasleek, hain zuzen ere.

12:00etan Herriko Plazan 5 taldeak elkartuko gara. Talde argazkia aterako dugu eta taldeak dagozkien guneetara joango dira abestera. Talde bakoitzak bi gunetan abestuko du, 12:30ean 1.gunean eta 12:45ean 2.gunean. 13:00etan talde guztiak Herriko plazan elkartuko gara (euria egiten badu, Biteri plazan), eta talde bakoitzak bi abesti abestuko ditu. Jaialdiari amaiera emateko, Olatz Zugastiren Bizirik Gaudelako kantua abestuko dute ikasle guztiek elkarrekin.

 Eguraldiaren araberako bi ibilbide antolatu ditugu:

Euria egiten ez badu: Arotz plaza, Arbolapeta, Portaloia, Biteri, Garibai Etorbidea (Iturbide egoitza parean). Amaiera Herriko plazan izango da.

Euria egiten badu: Taupako arkupeak, Jokin Zaitegi plaza, Udaletxeko arkupea, Parrokiako Arkupea eta Biteri plaza. Amaiera Biteri plazan izango da.

Hauek izango dira goizean zehar entzun ahal izango ditugun abestiak: Esna Zaitez (kantu kolore), Ixil Ixilik dago (Oskorri), Eguzkilorea (Neomak) eta Itzulera (Zetak) besteak beste. 

Jarraian goiena.eus-en argitaratutako albistea.