“Aukeragune” feria gauzatu dute gurasoentzat Gaztelupeko DBH 3koek
Otsailaren 27an, Gaztelupe guneko DBH 3ko ikasleek Aukeragune feria antolatu zuten gurasoentzat “Aukera berriak” PROI-ari bukaera emateko. PROI-aren galdera gidaria “Nola ikusarazi gure ingurukoei etorkizuna gaurtik eraikitzen dela?” izan da. Aldaketaz beteriko nerabezaroa bezalako etapa zail honetan, asko dira nerabeek jasaten dituzten aldaketak (fisiko, sozial, emozionalak…), eta askotan zaila egiten zaie hauek ezagutu, onartu eta esparru ezberdinetan oreka topatzea. Era berean, asko dira erabaki handiak bezain garrantzitsuak diren, egunero egunero hartu behar dituzten erabaki txiki horiek, hauek baitira hein handi batean beraien nortasuna egunetik egunera eraikiko duten aukera berriak.
Gizarteak gero eta gehiago baldintzatutako prozesu honetan, beharrezkoa izango da auto-irudi eta autoestimu orekatua izatea, baita aurrera egiteko izan ditzazketen beldurrak identifikatzea ere. PROI honetan gai hauek lantzen ibili ostean, ikasleek gurasoei gomendio ezberdinak eman dizkiete. Horretarako, aukeragune ferian txoko ezberdinak antolatu dituzte: autoestimua eta irudia, beldurrak identifikatzea, trebetasunak eta talentua, besteen iritziak, arrakasta eta porrota… Hemen laburpen bideoa: