
EUSPOT ´25: Sari banaketa ekitaldia
Joan zen ostegunan egin zen Euspot lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. 2025ko edizioak parte-hartze handia izan du; lehiaketaren historiako bigarren errekorra lortu da, 119 lan jasota —2023an jaso ziren lan gehien, 149 zehazki-. 22 spot 18 urtetik gorakoek eginak izan dira, eta 97, adin-txikikoek aurkeztutakoak. Publikoaren sarirako 700 boto jaso dira.
Aretxabaletako Arkupe kultur etxea jendez bete zen irabazleen izenak zeintzuk ziren jakiteko eta lanak txalotzeko. Lehiaketan aurkeztutako iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan ziren pantaila handian eta ekitaldi ostean luntxaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Asier Corchete eta Anje Arlanzonen “Bide desberdinak, helmuga bera” izan zen spot irabazlea, eta Mikel Etxeberria eta Enaitz Garitaonandiaren “Laguntasunak ez du mugarik” Arizmendiko ikasleen spotik onenaren saria jaso zuen.
Euskal Herrian aitzindaria da Euspot lehiaketa euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen. Ondo errotutako lehiaketa da, eta, orain arteko edizio guztiak batuta, 900 spot inguru jaso dira.
Informazio gehiago, EUSPOT-en web gunean.
Hemen Goiena.eus-en argitaratutako albistea.
Zorionak parte-hartzaile guztiei! Eta bereziki irabazleei!