Eskoriatzako 27. Ferixie ospatuko dugu zapatuan
Ekainaren 7an, zapatua, ospatuko da Eskoriatzako 27. Ferixie. Aurten 88 postulari egongo dira beraien produktuak eskaintzen; baserriko produktuak eta elikagaiak, artisautza eta tresneria eskainiko dituzte, besteak beste. Aurtengo berrikuntza Euskal Selekzioko ardi moztaileen erakustaldia izango da.
Goizeko 9:00tan emango zaio hasiera egunari etxaflero jaurtiketa eta txistularien kalejirarekin. 10:00etan ferixako postuak irekiko dira eta jarraian, ekintzak bata bestearen atzetik jarriko dira martxan: txorimalo lehiaketa, haur eta gazteentzako puzgarriak, gazta dastaketa eta txapelketa, Gorosarri dantza taldearen dantza erakustaldia, Euskal Selekzioko ardi moztaileen erakustaldia… Taloen postua eta taberna ere egongo dira egun osoan zehar.
Bazkal aurretik ferixako postuen eta txorimalo lehiaketaren sari banaketa egingo da Jose Aranan, baita errifen zozketa ere. Ondoren, 15:00etan “Zuk ekarri, zuk jan!” norberak ekarritako janariarekin bazkaria egingo da Eskoriatzako herriko plazan.
Txapel jaurtiketa txapelketarekin, Larrain dantzarekin eta Emeki taldearen erromeriarekin borobilduko da eguna.
