Eskoriatzako 26. Ferixie egin genuen zapatuan
Pasa den larunbatean Eskoriatzako kaleetara eraman genuen Ikastola. Goizeko 9etatik hasita herriko kaleak artisauen eta bertako produktuen postuz bete genituen; 83 artisauk jarri zuten postua, horietatik 26 eskoriatzarrak. Musika eta dantzak ere ez ziren falta izan; txistulariak, trikitilariak, Eskoriatzako dantza taldea eta Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren erromeria izan ziren ikusgai. Tarteka euri tanta batzuk jausi ziren arren, festa ez zen gelditu!
Haurrek ere eskaintza zabala izan zuten bertan. Haur eta gazteentzako tailer eta puzgarriez gain, XV. txorimalo lehiaketa eta XI. txapel jaurtiketa txapelketa antolatu genituen. Bestelako ekimenak ere izan ziren, XIV. gazta dastaketa eta txapelketa eta Mikel Lasarteren Ikusgarri erakustaldia, besteak beste.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hainbat hilabetez antolakuntzan, eta egunean bertan lanean ibili ziren 150 boluntarioei. Eta nola ez, Ferixara gerturatu zineten ikasle, irakasle, guraso eta herritarrei.
Gora Eskoitzako Ferixia! Denon artean eraikitzen jarraituko dugu HERRIA!
Hemen Goiena.eus-en argitaratutako albistea.