
“Eskola bisualak” programa martxan Santa Teresa gunean
Arizmendi Ikastolako Santa Teresa gunean, iazko ikasturtean Umezaintza gunean inplementatu zen “Eskola bisualak” programa hezitzailea martxan dugu. Programa honen helburu nagusia da irakasleak hezkuntza inklusibo bat eskaintzeko beharrezko tresnekin gaitzea, eta horretarako lehen urratsak ematen ari gara.
Momentu honetan, bi lan tresna jarri ditugu martxan: alde batetik, txoko eta toki ezberdinetan piktogramak kokatzea, eta bestetik, ikusizko ordutegiak diseinatzea. Bi tresna hauek helburu garbia dute: ikasleen beharretara egokitzea eta ulermen prozesuak erraztea.
Ikasturte honetan zehar, beste lau lan-tresna gehitzea aurreikusten da, horrela, guztira sei izango dira martxan jarriko direnak. Horien artean, baliabide bisual berritzaileak eta irakaskuntza metodologia inklusiboak txertatzea da asmoa, ikasle guztien parte-hartzea bermatzeko.
Santa Teresa gunean, irakasle taldearen prestakuntzarekin batera, ikasleen esperientzia erosoagoa eta eskuragarriagoa egiteko lan egiten ari gara. Honek hezkuntza inklusiboaren aldeko konpromiso sendoa erakusten du, aniztasunari balioa emanez eta ikasle bakoitzaren beharrei erantzunez.
Ikasturte amaierarako “Eskola bisualak” programaren emaitzak nabarmenak izatea espero dugu, hezkuntza komunitate osoaren onurarako.