EMAUS-en eskutik ‘Geroaren Irule’ Gaztelupeko DBH4ko ikasleak

Gaztelupeko guneko DBH4ko ikasleak “Geroaren Irule” izeneko PROI-an lanean dabiltza azken asteotan. PROI-an zehar arroparen gehiegizko kontsumoaren inguruan kontzientziazioa eta erabilitako jantziek egiten duten ezkutuko ibilbidea ikertu dute. Ikasgelan landutakoa osatzeko, aste honetan bertatik bertara ezagutu dute gure hondakinek izan dezaketen bigarren bizitza, Arrasateko Zigarrola auzoan dagoen EMAUS gizarte fundazioa bisitatuz.
Bisita honetan, Gaztelupeko gazteek gure herrian bertan kudeatzen den ehun-hondakin kopuru izugarriarekin egin dute topo. EMAUSeko arduradunek prozesu osoa azaldu diete: edukiontzietatik jasotzen den arropa nola sailkatzen den, egoera onean dagoena nola prestatzen den berriz saltzeko eta, egoera txarragoan dagoenari, zer-nolako irteera ematen zaion birziklapenaren bidez. Esperientzia honek ikasleei begiak ireki dizkie gure “erabili eta bota” ohiturek sortzen duten ingurumen-arazoaren aurrean.
Eskerrik asko EMAUS fundazioari eta proiektu hau posible egin duten guztiei, gure gazteen artean kontzientzia kritikoaren eta jasangarritasunaren hazia ereiteagatik.

EMAUS-en eskutik ‘Geroaren Irule’ Gaztelupeko DBH4ko ikasleak