
Eman babesa Zarauzko Ikastolari “Haur bat , hartxintxar bat, euro bat” ekimenaren bitartez!
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak “Haur bat, hartxintxar bat, euro bat” egitasmoa martxan jarri du Hekuntza Sailak ezarritako isuna ordaintzeko. Haur bakoitzeko euro bat jasotzea da asmoa, eta horretarako gure Ikastolako guneetan kaxak jarriko dira.
Segi dezagun Ikastolon izaeraren parte den elkartasuna eraikitzen!
Jarraian Salbatore Mitxelena Ikastolatik jasotako gutuna:
Zarauzko ikastolatik idazten dizuegu.
Honezkero jakingo duzuenez, EAEko Hezkuntza Sailak 140.000€-ko isuna jarri digu gure ikastolako kide izan nahi zuten 8 familiari aterik ez itxi eta ikastolan hartzeagatik.
Isun hori ordaintzeko, hainbat ekimen jarri ditugu martxan eta, hain zuzen ere, horietako bat aurkeztu nahi dizuegu: “Haur bat, hartxintxar bat, euro bat” ekimena. Honen bidez, Euskal Herri luze-zabaleko 115 ikastoletara iritsi nahi genuke eta laguntza xume bezain sinbolikoa eskatu: haur bakoitzeko euro bat. Horrela, haurrez haur, euroz euro, hartxintxarrez hartxintxar, Euskal Herri osoa hartuko duen elkartasun uholdea sortu nahi genuke. BIDEO HAU sortu dugu ekimenaren berri emateko.
Zuen hartxintxarra jarri nahi izanez gero, beraz, zuen seme-alabek eraman dezatela eurotxo bana ikastolara eta ikasgelan bertan duten kaxatxoan sartu. Astebete inguru izango duzue horretarako.
Ekimen honek ikastolon arteko elkartasunaren beste adibide argi bat izan nahi du.
Besterik gabe, aldez aurretik eskerrak emanez, hartxintxarrez hartxintxar, harri pila handia lortuko dugulakoan, IKASTOLAK EUSKAL HERRIA ERAIKITZEN!!!
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola