Elkartasun uholdea eta esker ona: Gaztelupeko ikasleek 800 € baino gehiago bildu dituzte “Mara, Denon Garra” kanpainan

Arizmendi Ikastolako Gaztelupe guneko DBH 3. mailako ikasleek arrakasta eta ilusio handiz burutu zuten aurreko ostiralean, azaroaren 28an, “Mara, denon garra” kanpaina solidarioa. “Ta zer ez da berdin” Proiektuaren baitan sortutako ekimen honek Mara haurraren beharretarako dirua biltzea eta gaixotasunaren ikerketa bultzatzea izan ditu helburu. Proiektu honetan gizarte egiturak ikasten hasi ziren, demokrazia eta dikatura konparatuz. Besteak beste, Gasteizera joan ziren Eusko Legebiltzarra ezagutzera. Jarraian, ongizate estatu baten oinarrizko beharrak zeintzuk diren ikusi zituzten herrialdeak konparatzeko giza adierazleak erabiliz. Oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko inguruan ditugun gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen podcast-ak ere sortu zituzten taldeka. Bukatzeko, gure herrialdean ongizatea bermatzeko kanpaina propioa sortu zuten. Arazo eta behar ezberdin asko daude gure inguruan eta horregatik kanpaina ezberdinak sortu zituzten, baina azkenean Mararen egoeran laguntzeko kanpaina bat eramango dute aurrera.

Kanpaina aurrera ateratzeko, ikasleek hainbat ekintza antolatu zituzten Seber Altube eta Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, hala nola, patata tortilla pintxoen eta bizkotxo zatien salmenta, gaztaiaren pisua asmatzeko lehiaketa eta produktu otarren zozketa. Herritarren erantzuna bikaina izan da, eta horren emaitza diru bilketaren zifra da. Beste aldetik, beste ikasle talde bat Arizmendiko beste guneetara gerturatu zen gaiaren inguruan sentsibilizatzeko egoera aurkeztuz eta dinamika ezberdinak eginez.

Ekintza solidario horiei esker, 800 euro baino gehiago bildu ahal izan dira. Bilketa arrakastatsu honek argi eta garbi erakusten du herriaren babesa eta elkartasuna Mara eta bere familiarentzat. Diru kopuru osoa zuzenean familiari helaraziko zaio, Mararen zaintzarako eta gaixotasunaren ikerketari laguntzeko.
Mara haurraren familiak bere esker ona adierazi nahi izan du, ikastolaren, ikasleen eta herritarren artean sortutako elkartasun kate honek eskaini dien laguntza eta berotasunagatik. Herrian jarritako bi postuetara gerturatu ziren gurasoak eta Mara bera ere, ikasleek egindako lana eskertzeko. Familiaren eskertzak ikasleak emozioz bete zituzten.  Era berean, ikasleek bihotzez eskertu nahi dute herritar guztiek kanpainan zehar erakutsitako elkartasuna, ekarpenak eta parte-hartzea. Elkarlanari eta komunitatearen babesari esker lortu da helburua, argi utziz Mara denon garra dela.

Mara denon garra