Lanbide Heziketakoek amaiera eman diote “Belaunaldien artean Bizitza Betea” proiektuari

Ikasturte hasieran martxan jarri genuen belaunaldien arteko ekimenari iritsi zaio amaiera, izan ere, “Belaunaldien artean Bizitza Betea” proiektuak eman ditu ikasturte honetan eman eman beharrekoak. Eta etorkizunean? Datorren ikasturtetik aurrera, hartu duen martxari jarraipena emango dio proiektu honek. Nahiz eta Foru Aldundiko programatik kanpo izan, ekimen hau baliatuko dugu gure ikasleen gaitasunak (teknikoak zein zeharkakoak) Erronken bidez lantzeko. Jarraipena izango du, ez daukagu zalantzarik.

Ibilbide luze hau iragan ikasturtean hasi genuen Debagoieneko Adinekoen eragile desberdinak aztertzeko abiatu genuen ekimenetik. Proiektu hartan helduak Adi, Bizipoz eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak parte hartu genuen elkarlanean. Bertan Bailarako  adinekoen eragileen mapa bat sortu eta bide batez beraien nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu genituen.

Proiektu hartako ondorioetan oinarrituta, aurtengo ikasturteari begira, Proiektu berri hau gauzatzeko eskaera egin genuen Gipuzkoako Foru Aldundian (Etorkizuna Eraikiz programaren barruan) eta berau martxan jartzeko aukera eskeini zitzaigun.

Helburu nagusi bat zuen esku artean geneukan ekimen honek; adinekoak eta gazteak elkartzera eramango lituzkeen testuinguru pedagogiko-afektibo bat sortzea. Honela, elkarrekin ikasi, elkarri irakatsi, elkarren artean bizitzako esperientziak partekatu, aurpegira begiratu, hitz egin eta entzun…elkarrekin konbibentzia txiki bat bizi.

Aldi berean, proiektuaren 3 zutabe nagusiak izan dira ikasleen artean landu ditugunak eta prozesu guztian zehar presente egon direnak:

Bizitza Betearen ikuspegia: Adineko pertsonen artean, zahartzaro aktibotik haratago doan kontzeptuari helduz, adinekoek izan ditzaketen sei premia konkretuei erantzuteko helburua eta ikuspegia hartzen du proiektu honek.

Belaunaldiartekotasuna:  Adin guztietarako gizartea osatu ahal izateko, ezinbestekoak dira eta izango dira belaunaldiarteko  proiektuak. Gazte eta heldu elkarlanean jarduteko aukera emango duten testuinguru pedagogiko-afektiboak alegia.

● Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioa: Gure ikasleen kasuan, ikasketa prozesuan zehar garatu beharreko gaitasunak eskuratzeko aukera ezin hobea eskainiko die adineko pertsonekin batera aurrera eramango duten proiektu honek; ikasleek hala, eginez ikasteko parada izango dute.

Hala, Lanbide Heziketako Mikroinformatika, Osasun Larrialdiak, Erizaintza eta Kirol Animazioko ikasleek,  bakoitzak bere esparru profesionalarekin lotutako tailer desberdinak eskaini dizkiete Leintz Bailarako adineko pertsonei.

Ikasturte honetako otsailean hasi eta maiatzera bitartean, ikastolan izan ditugu pertsona berriak, adinekoak guztiak, aniztasuna nagusi izan den taldea alegia. Kasu batzuetan ordea, gure ikasleak izan dira beraien eguneko zentroetara hurbildu direnak tailerrak ematera. Kasuan kasu, Aitamenni, Jose Arana, Atartea eta GSR.

Honela laburtu ditzakegu azken 3 hilabeteotan proiektuak eman dituen datuak:

·       Bailara bat eta 3 herri Arizmendi Ikastolan.

·       12 eragile desberdin; jubilatuen elkarte eta eguneko zentro.

·       4 heziketa ziklo eta 15 tailer; guztira 27 saio.

·       Denera tailerretan, 250 adineko eta 100 ikasle gazte.

Berebiziko esperientzia izan da bi aldeetarako; bai adinekoentzat eta baita ikasleentzat ere. Inoiz pentsatu ezingo genukeen harrera izan du adineko eragile desberdinen partetik, lankidetzarako asmoa eta motibazioa egunerokotasunean bizi ahal izan ditugu eta gazte eta nagusien artean sortu den giroa sentitu eta ia ia ukitzerainokoa izan da.

Ibilbide honen amaiera aprobetxatu nahi genuke bertan lanean ibili garen pertsona (talde eragile, Lanbide Heziketako irakasle eta ikasle) guztiek protagonista nagusi izan diren adinekoei gure esker ona emateko. Azaldu duten prestutasuna, ikasteko ilusioa eta ikasle gazteekin batera ezagupenak eta sentimenduak partekatzeko adierazi duten borondateak ez dauka parekorik.

Mila esker Foru Aldundiari, mila esker Ikastolari eta beste hainbeste gure proiektuan parte hartu duten adineko guztiei eta bakoitzari.

Besarkada bana, eta laster arte!

Belaunaldien arteko Bizitza betea proiektuaren antolatzaile taldea

IMG_6780