EHIk marka berria aurkeztu du Ikasturte Hasiera Ekitaldian

Ikastolak indar berriz gatoz, betiko balioekin eta proiektu berriekin, eta aldi berri baterako irudi berri batekin. IKASTOLAK izango da Ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko dugun hitza, “Bagatoz, indar berriz” leloarekin batera. Halaxe azaldu zen, pasa den ostegunean, Bergaran, Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldian. Gure Ikastolatik Zuzendaritza zein Kontseilu Errektoreko ordezkaritza izan zen bertan, zortzi kide guztira.

Bergarako Seminarixoa beterik zegoela ospatu genuen ekitaldia Ikastolok, eta bertan hitza hartu zuten Ikastolen lehendakari Nekane Artolak, lehendakariorde Erik Etxartek, zuzendari nagusi Agurne Barrusok eta Ikastolen Lagunak elkarteko kide Katty Iglesiasek. Iazko ekainean ospatutako Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak martxan jartzeko ikasturtea dugula aurtengoa azpimarratu zuten, euskal gizarteak dituen erronkei eta hezkuntzari egiten dizkion eskakizunei erantzuteko unea dugula: pertsonen aniztasuna eta ekitatea, kulturen arteko harremanak, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, denon lurraren geroa, lurraldeen arteko lotura eta sareak, garapen pertsonala eta elkarren zaintza, lan mundua eta gizarte onura…   

Aspaldian, hizkuntza, hezkuntza zein herrigintzari aipamena egiten dioten diagnostikoek errealitatea bere gordintasunean azaldu digutela, esan zen ekitaldian. Geldialdi batean gaudela dirudiela baina Ikastolok ez dugula etsipenean erori nahi,  indarraldira jo nahi dugula. “Gure aurrekoek gurea baino askoz garai zailagoan sortu zituzten ikastolak. Orain ere, azken urteotan sortu diren ikastoletako batzuk ingururik zailenetan sortu dira. Geure lana da bagatoz esatea. Itzalei argia eskaintzea, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa. Eta haurrei irribarrea. Bagatoz lanera, heztera, jolastera, eta garena izateaz gozatzera”. Erronka berriak aipatu ziren ekitaldian, eta haiei erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari garela Ikastolak. Horietako  batzuk aipatu zituzten:  inklusiotik ekitatera jauzi egiteko egitasmoa; euskararen erabilera indartzekoak; digitalizazioari neurria hartzekoa; pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera jauzi egitekoa. 

Palestinari erreferentzia Israelgo Estatua Gazan palestinarren aurka burutzen ari den genozidioaren aipamena ere izan zuen ekitaldiak. Eta bereziki hil dituzten haur palestinarrak izan zituzten gogoan: “Haurrak dira gizarte bateko talderik zaurgarriena eta herri batek daukan altxorrik handiena. Haurrak etorkizuna dira, bai Euskal Herrian… eta baita Palestinan ere. Haiek ere merezi dute, bizitzea, ikastea, jolastea, zoriontsuak izatea eta etorkizun bat eraikitzea. Palestinako haurrak gureak ere badira. Ikastolak bagatoz, munduko haur guztiak errespetuz eta maitasunez haziko dituen mundu bat eraikitzera!”.


Jarraian dituzu irakurgai EHIren webgune berrian eta Goiena.eus-en argitaratutako albisteak.