Debagoieneko Erreka auzolanerako izen-ematea zabalik da
Eskualdeko errekak bizirik mantentzeak duen garrantziaz jabetuta, “Debagoienean errekak bizirik” ekimenaren III. edizioa egingo da aurten. Urriaren 19an egingo da auzolana Deba ibaia eta bere adarrak garbitzeko, eta garbiketa lanak egiteaz gain, eremuak ezagutzeko parada ezin hobea izango da. Urtez urte Debagoiendar gehiago hurbiltzen da auzolanean parte hartzera eta Antzuolaren sarrerarekin, bailarako herri guztiak batuko dira aurten lehendabizikoz.
Garbiketarako topalekuak egongo dira bailarako herri ezberdinetan. Ekimenean parte hartu nahi izan ezkero, ondorengo formulategian eman behar da izena.
Gure Ikastolan bailara mailan antolatzen den erreka garbiketarekin lotura zuzena duten bi PROI lantzen ditugu. Alde batetik, GURA egitasmoan, “ardURA” proiektua lantzen ari dira ikasleak; urak duen garrantziaz jabetzea eta erabilera arduratsua bultzatzea izaten dute helburu 3 eta 4.mailakoek. BATU egitasmoan, berriz, “auzotik munduari” proiektuaren baitan, ingurune naturalari eragindako kalteak hobetzeko asmoz ere, auzolan bat antolatzen dute ikasleek.
Bi kasuetan, PROI hauek Errekak Bizirk auzolanarekin duten lotura kontuan izanda, Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletan egingo diren auzolanetan parte hartzera gonbidatuko ditugu ikasleak, errekak garbi eta kutsadurarik gabe mantentzearen garrantziaren inguruko kontzientzia piztuz.
Eta lerro hauen bitartez ere, gure Ikastolako komunitatea osatzen duten ikasle, guraso, profesional eta kolaboratzaileak Erreka auzolanean parte hartzera animatzea nahi ditugu. Denon artean eraikitzen dugulako gure herria!