
DBH2ko ikasleok uraren ibilbidea egin dugu “On Fire” PROI-ari amaiera emateko
Gazteluondoko DBH2ko ikasleok uraren ibilbidea egin dugu, “On Fire” PROIaren baitan landutakoa hobeto ulertzeko. PROI honen gai nagusia energia da, eta ibilbide honetan urarekin energia elektrikoa nola sortzen den ikusteko aukera izan dugu.
Lehenik eta behin, uraren zikloa eta bere erabilera desberdinak aztertu ditugu, bai ikasgelan landutako edukiak errepasatuz, bai naturan bertan behatuz. Bidean, energia sortzeko ura nola aprobetxatzen den ikasi dugu, eta zentral hidroelektrikoen funtzionamendua hobeto ulertu dugu.
Ibilbidean zehar, inguruko paisaia eta uraren dinamika gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta errekasto, presa eta ubideen garrantziaz jabetu gara. Azken geldialdia Oñatiko Zentral Hidroelektrikoan egin dugu, bertan ikasitakoa praktikan nola aplikatzen den ikusteko. Esperientzia aberasgarria izan da, energiaren inguruko ikuspegia zabaltzeko lagungarria izateaz gain, ingurumena errespetatuz energia sortzearen garrantziaz ohartzeko balio izan digulako.