Bizitza Betea: Ferixalekuko Lanbide Heziketako gazteen eta pertsona nagusien arteko gizartearen-onurako belaunaldien arteko proiektua
Jada martxan da Leintz Bailarako adinekoak eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako ikasle gazteak elkartuko dituen belaunaldien arteko proiektua.
Proiektu hau pasa den ikasturtean hasi zen Debagoieneko Adinekoen eragile desberdinak aztertzeko abiatu genuen ekimenetik. Proiektu hartan Helduak Adik, Bizipozek eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak parte hartu zuten elkarlanean. Bertan Bailarako adinekoen eragileen mapa bat sortu genuen eta bide batez beraien nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu genituen.
Proiektu hartako ondorioetan oinarrituta, aurtengo ikasturteari begira, “Belaunaldien artean Bizitza betea Leintz Bailaran” ekimena gauzatzeko eskaera egin genuen Gipuzkoako Foru Aldundian (Etorkizuna Eraikiz programaren baitan) eta berau martxan jartzeko dirulaguntza jaso genuen.
Jada abian eta martxan den proiektu honek 3 zutabe nagusi ditu:
- Bizitza Betearen ikuspegia
- Belaunaldiartekotasuna
- Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioa
Hala, gure Ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika, Osasun Larrialdiak, Erizaintza eta Kirol Animazioko ikasleek, tailer desberdinak eskainiko dizkiete adineko pertsonei.
Adibide gisa, BBB, Heimlich, Elikadura osasuntsua, 3D inpresioa, ziurtagiri digitalak, K-Strtch, Nordic Walking edo Indar entrenamenduzko tailerrak jasotzeko aukera izango dute adinekoek gure ikasleen eskutik.
Izen emateak irekita daude Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko Adineko Pertsonen Talde eragileetan, eta poliki poliki bada ere, adinekoak hasiak dira tailer desberdinetan beraien izena ematen. Ekintza hauek martxoa, apirila eta maiatzean zehar burutuko dira Arrasateko Ferixaleku gunean.
Elkarrekin biziko duten esperientzia honetatik, bai adinekoak eta bai gazteak, denak irtengo dira bereziki aberastuta; hala uste dugu eta hala izan bedi.
Eskerrik asko proiektu hau abian jartzeko beraien laguntza eskaini diguten eragile, erakunde eta pertsona guztiei!