Belagua1-2024
Kostata baina hartu dugu tartetxo bat kobertura bilatu eta egun hauetako kronikatxo bat idazteko….
Txanda erdira heldu gara jada Belaguan. Laino artean hasi genuen astea, baina, eguzkiak berehala argitu du gure egonaldia. Kanping-era iritsi ginenean, taldeak sortu eta jolasak egin genituen elkar ezagutzeko eta eguna monitore galduaren bila gaubelarekin amaitu genuen. Lehenengo gaua izanik, lo gutxi eta berriketa asko izan genuen.
Eskalada eguna iritsi zen ondoren, goizean goiz talde erdia Linzara abiatu zen eta bertan mendi gidariekin batera eskalatzen eta rapelatzen ikasteko aukera izan genuen. Besteok, kanping-etik oinez Belabartzeko putzura joan ginen eta bertan pasa genuen goiza. Arratsaldean aldaketa egin genuen. Ekintza oso ondo joan zen, nahiz eta eskaladan momentu batzuetan haize fina eduki.
Rapelean trebatu ondoren, erreka jeitsiera tokatu zen hirugarren egunean. Egun honetan ere, taldea bitan banatu genuen. Azken egunetako zaparraden ondorioz, Arrako erreka oso hazita datorrenez, Burgiko erreka jeitsi genuen. Primeran ibili ginen gidarien laguntzaz eta erreka amaitzeko Burgiko putzuan salto eta txirristan ibili ginen. Beste taldeak, Izaba ezagutu zuen. Kanpingetik oinez joan ginen herrira eta bertan bazkaldu ondoren, altxorraren bila jolasa egin genuen herrian zehar. Altxorra herriko putzuan aurkitu genuen eta ondoren bertan bainatzeko aukera izan genuen. Gaubelan lau taldetan banatu eta mihiluze jokoan lehiatu ginen eta amaitzeko, Belaguako abestia abestu genuen.
Gaur, bi taldeak trukatu egingo dira denok Izaba zein Burgiko errekez gozatzeko. Ekintza hauekin amaitu ondoren, mendi irteeraren txanda etorriko da. Eguraldi iragarpenaren arabera, zapatuan ekaitz arriskua dago, beraz, printzipioz bihar joango gara Txamantxoiara. Zapatuko egunean aterpe bat gertu dugula bermatzeko, kanpinetik gertu edo Izaban bandera jolasaz gozatzeko eguna izango da.
Argazkietan ikus dezakezue primeran gabiltzala!!! Inguru paregabe honetaz disfrutatzen jarraituko dugu!!! Besarkada bat etxeko guztioi.
Ostegunean Txamantxoiako eguna izan zen. Eguraldi eder, bista paregabe eta konpainian ezin hobean ia 2000 metro dituen mendia igo genuen. Bero dexente pasa genuen eta hori dela eta, menditik bueltan kanpin ondoko putzuan bainu bat hartu genuen.
Eguraldi kaxkarrarekin esnatu ginen larunbatean eta aterpea ziurtatuta izateko asmoz, Izabara jeitsi ginen. Halere, zortea izan genuen eta ez zuen euririk egin egun guztian. Goizean bandera jolasera jolastu genuen eta bazkal ondoren, hainbat jolas egin genituen frontoi kanpoko eremuan. Afal aurretik, gaubelako Got Talent-a prestatzeko tarte bat hartu genuen.
Gaur, azken eguna izanik, patxadaz gosaldu, maletak egin eta gelak jaso ditugu. Ondoren, aste honetako argazkiak ikusi,udalekuetako kamisetak banatu eta talde argazkiak atera ditugu. Bazkal ondoren, Belaguako abestia abestu eta etxera itzuli gara.
PRIMERAN IBILI GARA ASTE HONETAN ETA ORAIN UDARAZ DISFRUTATZERA!! Behean azken egunetako argazkiak eta Belaguako abestiaren bideoa dituzue.