Batxilergo 2ko ikasleen agur-bazkariak: Almenen eta Gaztelupen bizi izandako azken egun berezia
Pasa den astean, 2. Batxilergoko ikasleek azterketa akademikoak amaitu eta gero, agur-giro hunkigarrian ospatu genituen ohiko agur-bazkariak, bai Almenen eta baita Gaztelupen ere. Ikasturtearen amaiera eta ikasleen ibilbidearen etapa garrantzitsu baten itxiera ospatzeko, ikasle eta irakasle guztiek parte hartu zuten elkartasunez eta giro ederrean.
Bazkarietan ez zen faltarik izan: une alai eta jostagarriak bizitzeko aukera izan genuen, jolas ezberdinen bidez barre algarak partekatu genituen, eta bertsotarako tarte hunkigarriak ere egon ziren. Halaber, ohore berezia eskaini zitzaien bai ikasleei eta bai irakasleei, sari banaketa xume baina adierazgarrien bitartez. Une horietan, urteetan zehar elkarrekin egindako ibilbidea gogora ekarri zen, eta emozioa nabaria izan zen parte-hartzaileen artean.
Bazkalostean, ikasleek festarekin jarraitu zuten, elkarrekin bizitako esperientziak ospatzen eta elkarri agur beroa ematen. Giro alaia eta parte-hartzailea izan zen nagusi uneoro.
Zinez bihotzez opa dizuegu zorterik onena hemendik aurrerako bidean. Gogoratu: Arizmendi Ikastola beti izango duzue etxe, eta beti izango dituzue ateak zabalik!

