Basabeazpiren 20. urteurrena ospatu dugu Aretxabaletan
Basabeazpi guneak 20 urte bete zituen pasaden ikasturtean eta hori ospatzeko jaialdi jendetsua egin genuen Urriaren 24an Aretxabaletan.
Ekintzaz betetako egitaraua antolatu genuen bertako profesional, familia eta haurren laguntzari esker. Ekitaldi txiki batekin eman genion hasiera jaiari eta bertan gonbidatu desberdinek hartu zuten hitza: Txaro Iraeta zuzendari ohiak, gaur egungo zuzendaria den Illart Azkaratek, Gari Iturbe Aretxabaletako alkateak, Arrate Arkauz Basabeazpiko lehenengo guraso batzordeko ordezkariak eta Eneritz Urrutia gaur egungo Basabeazpiko arduradunak.
Horrez gain, Basabeazpiko lehenengo belaunaldiko 3 ikasle musikarik lagunduta, Almen guneko LH 3. eta 4. mailakoek “Bizirik gaudelako” abesti ederra bat abestu zuten eta Basabeazpiko gaur egungo 5 urteko haurrek beste abesti bat “Gurea da”.
Ekitaldiaren ondoren Basabeazpiko ateak zabaldu genituen bertaratu ziren gonbidatuek bisita egin zezaten. Gunean zehar Basabeazpin egondako belaunaldi desberdinetako haur eta profesionalen argazki erakusketa zegoen ikusgai. Ondoren, haurrentzako tailer desberdinak antolatu genituen jan eta edanarekin batera: aurpegi margoketa, txapa eta pultsera tailerrak, karetak… etab. Egunari musika eta dantzaldiarekin eman genion amaiera.
Pozez eta emozioz betetako arratsaldea izan zen. Zenbat guraso, haur, aiton-amona, familia, ikastolako beste guneetako profesional desberdinak… baina batez ere ZENBAT IKASLE-OHI etorri ziren Basabezpira bisitan.
Erroetara buelta, komunitate giroa, ikastolarekiko eta horrek daukan esanahi guztiarekiko maitasuna, ondo egindako lanaren harrotasuna, irribarreak, besarkadak… hitz goxoen eta oroitzapenen eguna izan zen.
Ikastolaren aldarrikapenak egiteko eguna ere izan zen. Basabeazpiko profesionalen lan paregabea eskertzeko eguna ere bai. Eta herriari egindako ekarpena azpimarratzekoa ere.
Eta, nola ez, aurrera jarraitzeko indarra hartzeko ere aprobetxatu genuen eguna. Beste 20 egitera iristeko bidea abiatu dugu jada. Pausuz pausu; egunez egun.
Zein ederra izan zen ostiralekoa! Mila esker bertara gerturatu zineten guztioi!
GORA BASABEAZPI ETA GORA GURE IKASTOLA!
“Ikastola probatu ez duenak, ez daki zer den hau!”
Hemen Goiena.eus-en argitaratutako albistea.
