Basabeazpi: 20. urteurreneko ospakizuna
Arizmendiko Basabeazpi guneak 20 urte bete ditu dagoeneko. Urtetan Aretxabaletako ehunka umek egin dituzte ikastolako ibilbideko lehenengo urratsak bertan. Baita urrats irmoekin hasi ere, goizetan atetik sartu eta berehala, Basabeazpin aurkitzen duten konfiantza, zaintza eta errespetuzko giroari esker! Zenbat maitasun, bizipen eta esperientzia bildu dituzten ikastolako gazteenek! Baita bertako giro magikoa Atxabaltako herrira barreiatu ere!
Orain, bertako profesionalek egindako lana eskertzeko eta denon artean urtebetetzea festan ospatzeko momentua da. Horretarako, urriak 24rako egitaraua antolatu dugu ikastolako irakasle, familia eta ikasleek.
17:00etatik aurrera elkartuko gara. Ekitaldi ofizial labur batekin hasiko dugu arratsaldea, eta gero, gunea bisitatu ahal izango da txikitako oroitzapenei lekua egiteko; jolas eta tailerrak egongo dira gazteenendako, eta musika eta jan-edanekin bukatuko dugu ospakizuna.
Ikastolako lagunak, ikasle-ohiak, familiak… ikastolako komunitateko kide guztiak zaudete gonbidatuta bertara.