Badator “Piztu Plaza”: gazteen sormen jaialdia Arrasaten
Apirilaren 25ean, Arrasaten euskarazko sormen jaialdi berezi bat aurrera eramango dugu lehen aldiz: Piztu Plaza. Ikastolen Elkarteak bultzatuta, gure helburua gazteok euskal kulturaren sortzaile aktibo bihurtzea da. Bertan, Arizmendi Ikastolako batxilergoko ikasleok protagonismo berezia izango dugu, egun osoko egitaraua gidatzeko ardura hartuz.
Datorren apirilaren 25ean, Arrasateko kaleak, plazak eta gune kulturalak gure sormenaren eszenatoki bihurtuko ditugu 10:00etatik 19:00etara. Piztu Plaza egitasmoaren barruan, euskal kulturgintzak eta gure sormenak bat egingo dute. Ikastolen Elkarteak sustatutako proba pilotu honetan, Batxilergoko eta Lizeoko ikasleak izango gara protagonista nagusiak.
Ekimena ikasturte osoko lanaren emaitza da guretzat. Urrian hasi genuen prozesua, eta, ordutik, sormen-tailerrak jaso ditugu kultur eragile profesionalekin (antzerkigile, musikari eta dantzariekin). Hala ere, eszenaratzea eta azken erabakiak gure esku egon dira erabat.
Arizmendiko ikasleok festaren gidari
Euskal Herri osoko ikastolak hurbilduko dira Arrasatera sorkuntza ezberdinak erakustera (Aranzadi, Bernat Etxepare, Ikasberri eta Ander Deuna), baina etxekoak, Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneko ikasleok, izango gara egunari bizia emateko arduradun nagusiak.
Gure gain hartu dugu jaialdiaren girotze orokorraren eta aurkezpen lanen ardura. Guk emango diogu hasiera eta amaiera ekitaldiari Herriko Plazan, gazteen arteko saretzea eta elkarrekintza bultzatuz. Euskal Herri osoko 70 ikasle inguru aritu gara antolaketa-lanetan eta egunean bertan 150 ikasle espero ditugu Arrasaten.
Ekimenaren xedea, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, guri protagonismoa ematea da: “Plaza egitasmoarekin argi erakutsi nahi dugu gazteak ez direla soilik etorkizuna; oraina ere badira. Euskaraz sortu eta plazara ateratzeko baldintzak eskaintzen ari gara, eta gazteek erakusten ari dira aukera hori aprobetxatzen dakitela”. Guk ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igarotzea bilatzen dugu.
Manex Fuchs antzerkigileak azpimarratu du “espazio libreak sortzeko aukera” ematen duela antzerkiak eta espazio horietatik “euskaraz bizitzeko eta euskaraz amesteko aukera” sortzen dela, baita “emozioak eta pentsamoldea euskaraz lotzeko” ere.
Arizmendi ikastolako Batxilergoko bi ikasle ere izan gara aurkezpenean, Sara eta June. Esan dugunez, “herri ezberdinetako gazteak elkartzeko eta ezagutzeko aukera interesgarria” izango da jaialdia guretzat.
Bukatzeko, Maider Morras alkateak nabarmendu du euskarak, gazteok eta sorkuntzak bat egitea “herri txiki hau handi izateko” bidea dela eta gehitu du “lehen edizioa Arrasaten egiteaz harro” dagoela.
Piztu Plaza gazteok gazteontzat sortutako jaialdia bada ere, publiko zabalari irekia dago. Biteri plaza, Herriko plaza edo Kulturola tunela herritar guztientzako kultur topaleku bihurtuko ditugu.
Proiektu handi honek, baina, bidelagunak behar ditu aurrera egiteko. Ildo horretan, antolatzaileok bereziki eskertu dugu erakunde eta enpresen inplikazioa. Horien artean dago Ausolan kooperatiba, Arrasateko Udalarekin batera, jaialdia posible egiteko laguntza eta babesa eskaini baitigute, euskararen eta tokiko komunitatearen garapenarekin duten konpromisoa berretsiz.
Egitaraua
Hona hemen apirilaren 25erako prestatutako ekintza nagusiak:
Herriko Plaza
11:00 Hasiera ekitaldia (Arizmendi Ikastola)
11:30 Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)
18:45 Musika kontzertua (Ander Deuna Ikastola)
19:00 Amaiera ekitaldia (Arizmendi Ikastola)
Biteri Plaza
12:00 Antzerkia (Aranzadi Ikastola)
12:30 Antzerki musikatua (Bernat Etxepare Ikastola)
13:00 Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)
Kulturolako Tunela
14:00 Herri Bazkaria
16:30 Inprobisazio dinamikak
