San Isidroen atarian, “Auzoko Jaiak” PROIan murgilduta Santa Teresan 

Maiatzarekin batera, auzoko jaiak ate joka ditugun honetan, urtero bezala gure ekarpena egin nahi izan diogu Ziorlako auzoari. Horregatik, Arizmendi Ikastolako Santa Teresa guneko egitasmo guztietako ikasleak ekoizpen bana burutzen ari gara.

Auzoan hain ezaguna den astoaren inguruan, ERDUko ikasleak “Asko maite zaitugu Periko” antzerkia egiten ari dira. GURAko lehenengo eta bigarren mailako ikasleek berriz, “Lur eta Jon txango misteriotsu bat iraganera” ipuina sortu dute. 3. eta 4.mailakoek, aldiz, auzokideak jaietan parte hartzera animatuko dituzte.   Eta BATUko ikasleek, berriz, “Nola apainduko ditugu jaietarako gure auzoko kaleak  modu jasangarri batean?” galderari erantzunez hasi dute PROI-a.

Jaietan auzoko kaleak apaintzeko, behin erabili eta botatzeko materialekin egindako apaingarriak erabiltzen direla jakina da. Hori aldatzeko asmoz, material berrerabilgarriekin egindako apaingarriak egingo dituzte.

Ostiralean, Jone Arizaleta, auzoko alkatea, egon zen gunean, lehen hezkuntzako 5.mailako eta 6.mailako ikasleekin solasean. Ikasleek ondorengo gutuna irakurri zuten:  

Lehenik eta behin, aipaingarriak oihalekin egingo ditugu, horrela, urte batetik bestera erabili ahal izango dira. Auzo jasangarri eta eredugarri bat izango gara.

Bestalde, apaingarriak auzoko zein kaletan jarriko ditugun zehaztu asmoz, Musakolako mapa marraztu genuen eta gero kalera irten ginen Musakolako kaleen izenak zeintzuk ziren aztertzera. Kale askok gizonezkoen izenak dituztela konturatu gara, 19 kale inguru daude musakolan eta horietatik zazpik gizonen izenak dituzte. Emakumeen izena duten kalerik berriz ez da gure auzoan.

Gizonezko hauetatik bat bera ere ez da musakolan jaiotakoa, eta gehienak dirudunak ziren. Izen hauen artean, pertsona oso desberdinak aurkitu ditugu: munduari buelta eman zion lehenengo pertsona, Nafarroako erresumako erregea, edo Kolonbia handiaren sortzailea… Zein harreman izan dute pertsona hauek auzoarekin? 

Asko gustatuko litzaiguke auzo parekide batean bizitzea eta kaleen izenak emakumeenak eta gizonezkoenak kopuru antzerako batean egotea. Galdetegi  bat egin nahi dugu auzokideen iritzia jasotzeko eta beraiek zer esaten duten jakiteko. Galdetegi honekin gure asmoak bi dira, alde batetik auzoari gure ikerketaren berri ematea eta beste alde batetik auzokideek emakumezkoen izen ezberdinak proposatzea.

Behin gutuna irakurrita, Jonek prestutasun osoa azaldu zuen, auzoko alkatea den heinean, PROIan laguntzeko.

Santa Teresan erabat murgilduta gaude “Auzoko jaiak” PROIan eta horrekin batera danborrada prestatzen ere hasi gara. Jaietarako prest?

Screenshot 2024-04-29 20.12.00