Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea aurkeztu da
Asteazkenean, azaroren 26an Gaztelupe gunean aurkeztu zen Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea. Ekimen honen helburua, “gaur egungo Ikastolak posible izateko ahaleginak egin dituztenen lana balorean jarri eta ezagutzera ematea” da. Guztira, 30 lagun inguruko taldea sortu da, hiru azpitalde izango dituena, herri bakoitzeko talde bat, hain zuzen.
Aurkezpenean taldearen nondik azaldu zituzten, Ikastola Lagunen zergatia eta zertarakoak, eta epe motzari begirako funtzionamenduaren berri emanez. Tartean Arizmendi Ikastolak herri bakoitzean duen egoera azaldu zuen ere Illart Azkarate Zuzendariak, eta bukatzeko, galderei tartea eman zitzaien.
Jarraian, asteazkenenen egin zen aurkezpenaren idatzia, taldearen zergatia eta zertarakoa azalduz:
Hemen gaude gaur bilduta gure bailarako Ikastola Lagunen Taldean parte hartzera animatu garenak.
Zergatik animatu gara? “Nahiz eta oso lanpetuta nabilen”, “nahiz eta liauta guztiz ibili dexente proiektu edo gaietan sartuta”, “ nahiz eta oso lasai eta ondo bizi naizen aspaldiko partez”….
…………….badago zerbait eraman gaituena parte hartzera, barrutik irtetzen eta bultzatzen gaituena, ezetz esatea uzten ez gaituena…
Pasatzen banaiz deskribatzera “zerbait” hori Ikastola Lagunen ZERGATIA zein den azalduko dudala intuitzen dut.
Arrazoi ugari eta oso desberdinak direla mugitzen gaituztenak ikastolen alde ahal duguna egitera esango nuke:
- Emozionalak batzuk, Ikastola maite dugulako, etxean, familian, herrian….izandako bizipenengatik.…ikastola egoteko askok eta askok egindako ahalegin eta lanak oihartzuna egin zutelako gure baitan, kasu batzutan oso gertukoak genituen gainera hainbeste mugitu ziren haiek: gurasoak, aiton/amonak, lagunak, ezagunak….
Euren ametsa izan zelako Euskal Herriak bere eskola propioa izan zezan. Eta lortu zuten. Hau horrela, zaila, gaur guk Ikastolei behar duten laguntza ez ematea.
- Arrazoi sozialak beste batzuk. Guztiz bat gatozelako Ikastolek bere sorreratik eta bere ibilbidean…. gaurarte eratzen joan diren erakunde ereduarekin. Herri ekimenaz sortu ziren eta, zailtasun handiak gaindituz, herriari hezkuntza zerbitzu euskalduna eskaini diote azken larogei urteetan. Eta horretan jarraitzen dute gaurkoan ere. Irabazi asmorik gabe, tokian tokiko eskola komunitateak ( langileak, gurasoak, herritar kolaboratzaileak) beregain hartuz beraien kudeaketa. Autoeratuak formula kooperatiboan gehienak. Eredu herrikoia eta komunitarioa da geurea.
- Eta politika egitea ez bada ere gure asmoa, badago ere herri moduan Ikastolen alde zerbait egitera eramaten gaituzten arrazoiak. Arrazoi identitarioa, azken hau.
Euskal Herri osoan, Naparroan eta Iparraldean baita ere, Ikastolek euskalduntasunaren lanketa eta transmisioa dute xede nagusitzat. Euskalduntasunaren biziraupena. Gure herriaren geroa badagoelako ere Ikastoletan gaude gaur hemen.
Euskaldunak sentitzen garen heinean Ikastolak hain garrantzitsua daukaten xedean gure laguntza eta bultzada jaso ditzaten nahi dugulako
Arrazoi guzti hauek eraman gaituzte Ikastola Lagunen gonbiteari erantzutera. Arrazoi hauek ekarri gaituzte gaur hona.
Eta ZERTARAKO? Zer da nahi duguna?
Gizartean ikastolekiko ezagutza falta dago, gaizki ulertuak edo iritsi okerrak, baita ere. Ez da zergatietan sartzeko unea. Baina herritar askok eta askok Ikastolak izatez besteekiko dituzten desberdintasunak ez dituzte ezagutzen.
Ikastola Lagunak Ikastola zer den ezagutzera ematera gatoz. Gu hain barruan daukagun eta hain gurea sentitzen dugun hori ezagutzera ematera. Konfrontaziorik gabe, inor gutxietsi gabe. Baina, konplexurik gabe, era berean. Existitzen duen eta gurea den herri bateko herritarrak izateak ematen digun zilegitasun eta irmotasunekin.
Eta, baita ere,
gu baino lehenago beste batzuk egin zuten lanari jarraipena eman nahi diogulako. Ezin dugu gure aurrekoek jakinduriaz eta eskuzabaltasunez egindako lana jarraipenik gabe galtzen utzi .
Izatez zer den Ikastola beste eskolekiko bereizten duena zabaldu nahi dugu:” herriak sortua eta herriak kudeatutako eskola” delako
Euskalduntasunaren transmisioa eta biziraupena helburu duena
Titularitatea: tokian tokiko hezkuntza komunitatearen eskuetan dagoelako. Eredu komunitarioa
Kooperazioa, autoeraketa dituzte berezko ezaugarriak.
Irabazi asmorik gabeko erakundeak dira Ikastolak
Publikoa ulertzeko beste modua izatea lortu dute Ikastolek. Ze garrantzitsua!!!! Harro gaude sortu dugun ereduaz!!!
Eta guzti honekin ez dugu esan nahi Ikastoletan asko hobetzeko ez dagoenik. Asko dago eta horretan be Ikastola Lagunak realistak eta autokritikoak izaten jakin beharra dugu. Akatsak eta hutsuneak ikusteak hobetzea ahalbideratzen duelako. Mesedea egingo diegu gure Ikastolei zertan hobetu beharra duten esaten badiegu. Hortan ere bidelagun izango gaitue.
Ikastola Lagunak gure aintzinekoek egin zuten lana bere jarraipena izan dezan. Euren ametsa gure ametsa delako eta Euskal Herrian gehiengo baten ametsa izan dezan nahi dugulako. Ametsak betetzeko daudelako!!!!
Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea