Haur Hezkuntzako tailerren eskaintza Ikastolan
Gure Ikastolan eskaintzen ditugun Hezkuntza ez-formaleko proposamenen barruan, aukera ugari izaten ditugu ikasturtean zehar haur hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelakoentzat. Horrela, Ikastolako txikienek ere, hezkuntza ez-formaleko ekintzak esperimentatzen hasteko aukera izaten dute. ERDUko gune bakoitzak, Jose Arana, Basabeazpi, Olarte, Umezaintza, Uribarri eta Santa Teresak, 8 orduko 3 tailer izaten dituzte ikasturtean zehar. Tailer hauen helburua, ikasleek gustuko gauzak identifikatzea da, aisialdi euskaldun eta hezitzaileaz gozatzea, lagunen artean ondo pasatzen duten bitartean.
Ugariak dira antolatzen ditugun tailerrak, eta haurrek 2 ikasturteetan aukera desberdinak izaten dituzte: euskal dantzak, sukaldaritza, kirol jolasak, xunba, patinajea, panderoa… Gune bakoitzaren esku egoten delarik tailerren aukeraketa. Ekintza hauetan hezitzaile lanak gure Ikastolako ikasle ohiek, zein Batxilergoan Monitore eskolan izena emanda dutenek egiten dituzte. Beraien lehen esperientziak izaten dira hezitzaile lanetan; orain arte bizi izan ez dituzten egoerak esperimentatzeko eta beraien formazio pertsonala osatzen joateko.
Tailer hauek oso harrera ona izaten dute, ikasle askok ematen dute-eta izena ikasturtero. Ikasturtearen azken txanpan sartuta gauden honetan, haur hezkuntzako tailerrak ere amaierara iristen ari dira, izan ere, azken tailerrak ditugu martxan, Santa Teresa, Olarte, Umezaintza eta Uribarri guneetan.
Ikastolako txikienek jarrai dezatela gozatzen eta bizitzarako oso baliagarriak izango zaien esperientziak bizitzen. Eta hurrengo ikasturtean ere, eskaintza zabala eskaintzen jarraituko dugu.