Arimazubiko Euskara Batzordeak lanean darrai
Arimazubiko euskara batzordea gunean euskararen erabilera sustatzeko sortutako taldea da. Bertan, ikasleek irakasleen laguntzarekin batera, euskara bultzatzeko ekintzak zein euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatzeko elkartzen gara bi astean behin.
Mezu honen bitartez, ikasturtean zehar egindako lanaren berri eman nahi dugu. Alde batetik, euskararen eguneko ekintzak antolatzen aritu ginen eta guneko euskararen erabilerari buruzko hausnarketak egin genituen, eta bestetik, euskarazko playlist bat sortu genuen, jolas-orduetan patioa girotzeko erabiltzen duguna.
KORRIKA martxan den egun hauetan, hainbat ekintza prestatzen ari gara gunea atondu eta KORRIKAri jarraipena egiteko. Batzordeko kideak azpi taldetan banatu gara; batzuk ibilbidearen mapa handi batzuk sortu dituzte KORRIKAren jarraipena egiteko -egunero egiten den ibilbidea markatzen ari dira mapan- eta beste batzuk, aldiz, urte ezberdinetako logoak egiten aritu dira.
Aurrerago ere, martxan jarriko ditugun ekintzen berri emango dizuegu!