ARBIZU 2. TXANDA
Aupa danoi!
Atzo eman genion hasiera Arbizuko udalekuetako bigarren txandari, eguraldi eskasa baina aurpegi ezin hobearekin. Gurera 58 ikasle eta 16 monitore etorri gara, 6 taldetan banatuz, bakoitzak bi edo hiru monitore eta izen berezi bat duelarik.
1 EGUNA – Lehenengo egunean, heldu bezain pronto logelak banatu eta taldeak egin ditugu, almen eta gazteluondo ikastetxeetako ikasleak nahastuz. Behin taldeak sortuta, 3 jolas egin ditugu taldeko sailkapen orokor bateko lehen puntuak suposatu dituztenak. Dantzaz eta asmakizunez betetako gaubela batekin amaitu dugu eguna, eta kostatu zaigu gaztetxoen energiarekin amaitzea…
2 EGUNA – Bigarren egunean, lo gutxi eginda Beriain mendira egin dugu ibilaldia, eta kostatu zaigun arren ederto asko heldu gara gora, eguraldiak lagundu digularik. Nahiko lehertuta heldu dira gazteak kanpinera eta afal ordurarte lasai ibiltzeko tartea izan dute, igerilekuan, futbol zelaian eta kanpinean zehar ibili direlarik. Gaurkoan gaubela musikatu batekin eman diogu amaiera egunari, taldeen arteko sailkapenean garrantzitsuak diren puntuak lortu dituztelarik.
3 EGUNA – Hirugarren eguna, ederra gazteek gabean eman diguten atsedena. Atzoko mendiko ibilaldiak lehertuta utzi dietela eskertu dugu monitoreok. Goizean goiz indarberrituta esnatu, gosarian indarrak hartu eta Lekunberrira joan gara eguna pasatzera. Goizean 3 talde abentura parkean ibili diren bitartean, beste 3 taldeek bertako errekan aritu dira kayak-ekin. Bazkal ostean berriz, paperak trukatu ditugu eta goizean egin ez dugun ekintza gauzatzen aritu gara. Eguna gaubela polit batekin bukatu dugu, galderen jolasa planteatu dugularik. Arbizu, Nafarroa eta monitoreon inguruko galderak erantzun dituzte, TORTILA PATATA taldeak irabazi duelarik. Bukatzeko, ikasle batek monitore batekin batxata bat dantzatzeko aukera ere izan du…
4 EGUNA – Gaurkoan lehiaketak izan du protagonismoa egun osoan zehar. Goizean goiz gosariarekin indarrak hartu eta olinpiadak ospatu ditugu kanpineko eremu ezberdinetan. Asmakizunak, kayak lasterketak, globokonga edota 3 marran bezalako jolasekin pasa dugu goiza, lehiakortasun handia erakutsi dutelarik. Olinpiadak bukatutakoan, igerilekura joan gara eta bertan bazkaldu dugu eguzkiarekiko atseden pixkat hartzeko, gaurkoan gogor jo baitu. Arratsaldean, Arbizu herria ezagutzeko asmoarekin “Hi Selfie” ginkana batekin ibili gara, herriko txoko ezberdinetan erronkak betez. Ekintza nahiko luzeak izan dira eta ondorioz gaubela motza geratu zaigu, baina hala ere udalekutako abestia sortzeko aukera izan dugu eta egia esan, nahiko emaitza kuriosoa atera da.
5. EGUNA– Gaurko eguna Arbizun hasi ondoren, Bakedanora abiatu gara Urederran ibilaldia egin eta Zudairen arratsalde-gaua pasatzeko asmoarekin. Goizean Urederrako ibilaldi polita egin dugu eta Bakedanoko frontoian bazkaldu dugu. Jarraian, Zudairera abiatu gara eta arratsaldea errekan pasa dugu. 19:00ak aldera Zudaireko frontoira abiatu gara ekaitza ate joka izan baitugu. Azkenean, zaparrada ederra bota du afalorduan, baina, gauen gaubela kanpoan egiteko aukera izan dugu eta udalekuetan tradizioa den monitore galduaren bila gaubela egin dugu herrian zehar. Ondoren, frontoian lotarako lekuak antolatu ditugu eta poliki poliki ohera joan gara. Egia esan, gaua nahiko ondo joan da, isiltasuna nagusi izan da frontoian eta denok eskertu dugu!
6 EGUNA– Goizeko 7:50 arte isiltasuna izan dugu frontoian, baina, bat-batean alarma bat zarataka hasi da eta ondoren hasi da zalaparta. Gosaria prestatu ondoren, guztia jaso eta autobusa hartu dugu Arbizura bueltan. Espero baino lo gehiago egin badugu ere, nekea igertzen da taldean. Kanpinera heldu eta azken gaubelarako prestaketekin hasi gara; “got talent” gaubela izango dugu eta lagun talde bakoitza sorkuntza bat prestatzen hasi da monitoreen laguntzarekin. Arratsaldean, jolas ezberdinak egin ditugu eta hauen ondoren igerilekura joan gara. Merezitako dutxa hartu eta gero, gure azken afaria izan dugu eta Got Talent show-ari ekin diogu. Zelako barreak!
