Ane Otxandiano (ERDU egitasmoko profesionala eta psikomotrisizta)

Zer da psikomotrizitatea?

Psikomotrizitate praktikak pertsonen garapen integrala sustatzen du, jolas espontaneotik norberaren identitatearen hazkuntza eta garapen prozesuak estimulatzeko baliabide pribilegiatua baita.

Haurra izaki oso eta global bat bezala ulertzen du, hots, gorputza, emozioak eta pentsamendua elkarreraginean daudelako eraikitzen du bere burua. Izan ere, haur baten adimena, gorputza eta emozioak elkarreraginean daude eta elkarrekin batera garatzen dira. Hori horrela, gorputza gure emozioen antzeztokia dela esan dezakegu; gorputza baita, esaten, adierazten eta komunikatzen duena; gorputza da haurra, haurra da gorputza. 

Haurraren joera biologikoen eta bizi dituen esperientzien arteko elkareraginean, sentsazio, mugimendu eta emozio desberdinak sortu eta garatzen dira. Horiek, haurra jolasten eta mugitzen ari denean aktibatzen dira eta horien bitartez, haurrak bere burua, bere barruko mundua, bere emozioak, sentimenduak, gorputza, mugimendua eta pentsamendua eraiki eta antolatzen ditu. 

Zein da psikomotrizitatearen helburua?

Psikomotrizitatearen xede nagusia, jolas espontaneo eta autonomoaren bidez haurrak bere burua ezagutu, konfiantza lortu eta auto irudi osasuntsu bat eraikitzea da, bere identitatea garatuz eta autonomiarako bidea eginez. Haurrari deszentratze gaitasuna eskuratzen laguntzea da helburua, alegia, haurra bera eta kanpoko mundua bereizteko gai izatea, kanpoko gertaerak norberarengandik kanpo kokatuta aztertzea.

Psikomotrizitateak heldutasun prozesuaren ibilbidea egiten laguntzen dio haurrari, horretarako, haurraren garapenean hainbat prozesu bereizten ditu: egozentrismotik deszsentraziora, dependentziatik autonomiara eta egitearen gozamenetik pentsatzearen gozamenera.  Betiere kontuan izanda ibilbide horiek ez direla bata bestearen jarraipena, baizik eta elkarreraginean gauzatzen direla. 

Zergatik da hain garrantzitsua psikomotrizitatea?

Psikomotrizitateak haurra bere globaltasunean hartzen duela esaten da, horregatik, praktika honek aukera eskaintzen digu haurra era globalean garatzeko. Segurtasun oinarri batetik abiatuz, erronka ezberdinei aurre egiteko autonomia garatzea izango da gakoa, ondoren, auto-irudi osasuntsu eta doitu bat eraikitzeko. Prozesu horrek ateak zabalduko dizkio mundura, errealitatera, zeinetan aukera izango duen bere burua adierazteko, harremantzeko, komunikatzeko, elkarrekintzarako… Horren ondorioz emango baita haurraren garapena. Hortaz, esan dezakegu, psikomotrizitateak testuinguru paregabea eskaintzen digula era ludiko batean haurraren garapen osasuntsu eta integrala bermatzeko.