Lanbide Heziketako Mikroinformatika ziklokoak Erkidegoko lehenengo Berrerabilpen eta Prestakuntza zentroa sortzeko elkarlanean

Gailu informatikoak berrerabiltzeko zentrorik ez dago Euskal Autonomia Erkidegoan, eta gure Ikastolako Lanbide Heziketako mikroinformatikako ikasle eta irakasle taldea, azken aldian, hortan ari dira Elkartenet-ekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzatik konpromezua jaso dute, proiektu pilotu bat aurkeztuz gero, abian jartzeko aukera aztertuko dutela.

Irailaren 5ean, Lehendakaritzan bildu ziren Jabi Alfaro eta Inhar Eskisabel (Elkartenet), Gaizka Eraña (Arizmendi Ikastola), Eder Etxebarria (Etxepare lizeoa), Asier Aranbarri Urzelai eta Mikel Hidalgo Bordegarai (EJko Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria eta aholkularia, hurrenez hurren). Ordu eta erdiko bilkura horretatik BPZ baten proiektu pilotua aztertzeko konpromezuarekin atera ziren. Orain, hilabeteko epea dute proiektu hori aurkezteko.

Elkarteneteko, Arizmendi Ikastolako eta Etxepare lizeoko kideekin bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du material informatikoa Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentro (BPZ) baten proiektu pilotua aztertzeko. Elkartenetek urteak daramatza software librearen erabilera eta gailuen berrerabilpena bultzatzeko lanean.

Martxoan Elkartenetek abian jarri zuen sinadura kanpainaren ondotik etorri da Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariarekin eta aholkulariarekin egindako bilera. Baikor eta itxaropentsu atera ziren, BPZ baten proiektu pilotua aztertzeko konpromisoa lortu dutelako. Orain hilabeteko epea dute proiektua aurkezteko.

BPZ bat eskatzeaz gain, bi protokoloren beharra mahaigaineratu dute. Lehenean baja emandako ekipamendua modu ordenatuan nola kendu zehaztuko litzateke: ahal denean BPZ-n berrerabiliz edo bestela birziklatuz. Eta bigarrenak, berriz, etorkizunean berrerabili ahal izateko erosten diren ekipo berrien ezaugarriak jasoko lituzke, baita erosteko baldintzen plegetan erretiratutako eta baja emandako gailuak BPZ-ra eramatea ere.

Horrez gain, Jaurlaritzako ordezkariek ateak zabalik utzi dituzte software libreari buruz hitz egiteko beste bilkura bat egiteko. Elkarteneteko eta Ikastoletako kideek ezinbestekotzat jo dute Hezkuntzan Librezale taldeak parte hartzea.

TU Lankiden argitaratutako albistea, hemen.