Zirko tailerreko azken jaian Seber Altube plaza kolorez bete da

Ikasturtea bukatzear doa eta, horrekin batera, Hezkuntza Ez Formaleko ekintzei ere agur esateko garaia iritsi zaigu. Ekintza hauek urritik maiatzera bitartean izaten dira astero-astero gure ikasleen arratsaldeak janzten, eta amaiera borobila emateko, emanaldi berezia prestatu dugu aurten ere.

Pasa den astelehenean, ekainaren 1ean, Arrasateko Seber Altube plaza zirko eszenatoki handi bihurtu genuen Zirko tailerreko azken jaia ospatzeko. Ikasturtean zehar gogor aritu diren 5 taldeek hartu zuten parte bertan; guztira, 45-50 ikasle inguru elkartu ginen plaza kolorez eta mugimenduz betetzeko.

Jaialdia oso ondo joan zen eta bertaratutako guztiek izugarri gozatu zuten; gure ikasleek zein familiek giro ezin hobea sortu zuten Seber Altuben. Artistek izugarrizko lana egin zuten, ikasturte osoan zehar landutako teknika eta abilezia guztiak praktikan jarriz, eta ikusleen aldetik txalo zaparrada itzelak jaso zituzten oparitan. Aipamen berezia merezi du irakasleek egindako lan bikainak; beraiek ere jaialdian parte hartu eta ikasleekin batera oholtza gainean dena eman zuten eta.

Zirkoaren munduak gurean ez du etenik! Datorren ikasturtean ere zabalduko dugu aukera Zirko tailerrean aritzeko eta trebatzen jarraitzeko. Gogoratu uztailean bidaliko dizuegula familiei Hezkuntza Ez Formaleko ekintzen eskaintza osoa, beraz, egon adi!

Zirko tailerreko azken jaia '26