“Herria Kantari” jaialdia ospatuko dugu zapatuan

Datorren zapatuan, martxoak 14, gure Ikastolako ikasleek Arrasateko kaleak musikaz eta alaitasunez beteko dituzte “Herria Kantari” jaialdiaren edizio berri bati esker. Eguerdiko 12:00etan hasita, herriko hainbat gune kantu-leku bihurtuko dira, Ikastolako komunitatea eta herritarrak doinu herrikoi eta garaikideen inguruan batuz.

ERDU eta BATUko ikasleek hartuko dute parte jaialdian, talde hauetan banatuta:

●     Olarte (ERDU 4-5 urte)

●     Umezaintza (ERDU 4-5 urte)

●     Santa Teresa (BATU LH 5-6 urte)

●     Arimazubi (BATU LH 5-6 urte)

●     Gazteluondo (DBH)

Ekitaldia Seber Altube plazan hasiko da 12:00etan, aurkezpenarekin. Ondoren, taldeak herrian zehar banatuko dira honako gune hauetan abesteko: Portaloia, Iratiko Plaza, Arbolapeta, Abaroa eta Herriko Plaza.

Azken urteetako bidetik jarraituz, aurtengo errepertorioak ere emakume sortzaileak izango ditu protagonista. Goizean zehar, honako kantu hauek entzun ahal izango dira, besteak beste:

●     Azaroak 25 (Sastraka emakumeak)

●     Oroitzen (Sukena)

●     Lau korapilo, Kantauri eta Sunday (Sune)

●     Amets bat (Alaitz eta Maider)

●     Euskararen eguna egunero (Loa eta Laia)

●     Nire gorputza da (Kantu Kolore)

Jaialdiari amaiera emateko, 13:00etan talde guztiak berriro elkartuko dira Seber Altuben. Bertan, talde bakoitzak abesti bat eskainiko du eta, borobiltzeko, ikasle guztiek elkarrekin Idoia Asurmendiren “Wafa” abestia kantatuko dute.

Eguraldi txarra bada: Euria egingo balu, ekitaldiaren hasiera eta amaiera Kulturolan ospatuko litzateke. Kasu horretan, kantu-guneak babespeko lekuetara aldatuko lirateke: Kutxa ingurua, Herriko Plaza, Biteri, Parrokia eta Uarkape.